Koronabirusa Azpeitian

Udal zergen ordainketa irailaren 15era atzeratu dute

Prebentzio neurriak hartuta, ezohiko osoko bilkura egin du gaur udalak. Trakzio mekanikodun ibilgailuen gaineko zerga eta estalgarrien eta espazio publikoaren okupazioren inguruko tasa irailaren 15era bitartean ordaindu ahal izango dira. 

Gaur goizean "ezohiko eta presazko" osoko bilkura egin du Azpeitiko Udalak, eta udal zergen ordainketa atzeratzea erabaki dute aho batez. "Bizi dugun egoerak herritarrengan sor ditzakeen zailtasunen jakitun eta laguntza eskaintzeko helburuarekin, ordaintzeko epean dauden udal zergak atzeratzea erabaki dugu", adierazi du Nagore Alkorta alkateak.

Horretarako, 2020ko ekitaldiko Zergen Egutegi fiskala aldatzea onartu dute gaur. Modu horretan, apirilaren 1etik maiatzaren 25era bitartean ordaindu beharreko trakzio mekanikodun ibilgailuen gaineko zerga ordaintzeko epea irailaren 15era arte luzatu dute. Horrekin batera, estalgarrien eta espazio publikoaren okupazioren inguruko tasen ordainketa ere irailaren 15era arte luzatu dute.

"Egoera zaila eta gogorra da, baina ezinbestekoa da prebentzio neurriak betetzea, etxean geratzea. Norbere osasunaz eta guztion osasunaz ari gara. Orain inoiz baino gehiago, denon artean prebentzio neurriak egoki betetzea lortu behar dugu, eta horretarako baliabideak jartzen eta laguntza eskaintzen ari gara", gaineratu du.

Familiaren zaintzarako, merkatari txikiek, ostalaritza nahiz antzeko guneek alarma egoera dela eta izandako galerak arintzeko astelehenean abian jarritako 600.000 euroko dirulaguntza martxan jartzeko gauzatutako kreditu aldaketaren berri ere ere eman dute udalbatzarrean. Osoko bilkuran ere prebentzio neurriak hartu dituzte, eta legeak eskatzen duen gutxieneko parte hartzea izan da.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide