Etxez etxeko eta Eguneko Zentroko zerbitzuak lehiaketara ateratzea izango dute hizpide gaurko udalbatzarrean

Julene Frantzesena 2020ko uzt. 7a, 08:18

19:00etan hasita egingo dute udalbatzarra, udaletxean. COVID-19aren pandemia hasi zenetik, zinegotziek lehen aldiz egingo dute bilkura aurrez aurre. 2020-2024 urteetarako Drogomenpekotasun Plana ere onartuko dute.

Bihar, asteartea, egingo dute uztaileko ohiko udalbatzarra. Azpeitiko Udaleko ordezkariek aurrez aurre egingo dute bilkura, koronabirusaren pandemia hasi zenetik aurreneko aldiz; 19:00etan hasiko da udalbatzarra.

Honako hauek dira bihar landuko dituzten gaiak:

1.- Udalbatzak 2020ko maiatzaren 21ean, ekainaren 2an eta ekainaren 15ean egindako bilkuren aktak onartzea.

2.- Udalaren, bere erakunde autonomiadunen eta Azpeitia Berritzen SAren 2019ko kontu orokorra onartzea.

3.- Udalaren aurrekontuan laugarren kreditu aldaketa hasierako izaeraz onartzea.

4.- 2020. ekitaldirako egutegi fiskalaren aldaketa.

5.- COVID-19ak sortutako alarma egoerak iraun duen bitartean lurzoru publikoaren erabilera pribatiboa gauzatu ezin izan dutenei eta merkataritza zein ostalaritza jarduerei ezargarri zaien zabor bilkera tasaren inguruan eman diren ezarpen irizpideen berri ematea.

6.- Etxez etxeko eta Eguneko Zentroko zerbitzuak kontratatzeko espedientea onartzea, eta prozedura irekiaren bidez lizitazio faseari hasiera ematea.

7.- Azpeitiko 2020-2024 Drogomenpekotasun Planaren onarpena.

8.- Udalaren herribideen inbentarioan dagoen 018014BMB bidean, Nartzabal baserriaren gainaldean, okupatu den herribidearen zuzenketa egiteko aurkeztu den proposamena onartzea.

9.- Auzotaxi dirulaguntza programa udalaren Dirulaguntza Plan Estrategikoan sartzea.

10.- Udalaren kontu-hartzailetzak kontrol organu bezala egindako txostenaren berri ematea.

11.- Galderak eta erreguak.