Udal eta foru hauteskundeak 2019

Nagore Alkorta: "Eskerrik asko proiektu hau sendotzeko pausoa eman duzuenoi"

Nagore Alkorta zerrendako kideekin atzo gauean, EH Bilgunearen atarian.

Nagore Alkortak eta Amaia Etxeberriak esker hitzak izan dituzte herritarrentzat. 2019-2022 agintaldian Azpeitiko alkate izango den Alkortak "poz-pozik" zeudela esanda, herriaren alde lan egiteko "gogoz eta ilusioz" daudela adierazi du. Etxeberriak, berriz, emaitzak esperotakoak ez izanagatik, horrek lanerako gogoa eta ilusioa ez dizkiela zapaldu azaldu du. EH Bilduk hamar zinegotzi izango ditu Udalean, eta EAJk zazpi.

Atzo, udal bozetako emaitzak jakin berritan –EH Bilduk irabazi ditu udal hauteskundeak–, Nagore Alkorta EH Bilduren zerrendaburu eta 2019-2022 agintaldian alkate izango denarekin nahiz Amaia Etxeberria EAJren zerrendaburuarekin hitz egin zuen Uztarria.eus-ek. Biek ala biek esker hitzak izan zituzten herritarrentzat, eta Alkorta pozarren agertu zen, EH Bilduk gehiengo osoa berretsi baitzuen atzokoan –honako bideo honetan ikus daitezke Alkortaren lehen adierazpenak–. Haren esanetan, EH Bilduk emaitza "oso onak" lortu ditu: "Herritarrek Bilduk eta EH Bilduk azken zortzi urteotan egindako kudeaketa zoriondu dute hauteskundeetan, baita aurkeztu dugun taldea ere". Alkortak "poz-pozik" zeudela esanda, herriaren alde lan egiteko "gogoz eta ilusioz" daudela adierazi du.

Amaia Etxeberria EAJren zerrendaburuak, berriz, emaitzak ez direla esperotakoak izan adierazi zion Uztarria.eus-i, baina hark jakinarazi zuen horrek ez diela lanerako gogorik eta ilusiorik zapuztu. "Beti esan dugu guretzat lehentasuna Azpeitia eta azpeitiarrak direla, eta horretarako lan egin dugu orain arte ere. Aurrerantzean ere hala jarraituko dugu, Azpeitiak merezi duelako eta hori delako gure lehenetasuna".

Atzo gauean eta gaur goizean hainbat mezu kaleratu dituzte Etxeberriak eta Alkortak Twitterren. Honako hauek dira horiek idatzi dituzten mezuak:

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide