Aitor Arrieta, Aimar Zubizarreta eta Jonathan Terron, Espainiako Jiu-jitsu Txapelketara

Uztarria.eus 2018ko ots. 22a, 19:07
Jonathan Terron eta haren ikasleak Azpeitiko UKF gimnasioan. (J.T)

Zapatuan jokatuko da Espainiako IX. Jiu-jitsu Txapelketa, eta bertan lehiatuko dira hiruak. Terron jiu jitsuko Europako txapelduna da, eta haren gidaritzapean entrenatzen dute Arrietak eta Zubizarretak, Azpeitiko eta Azkoitiko hainbat lagunekin batera.

Hitzordu berezia eta garrantzitsua dute asteburuan Aitor Arrieta eta Aimar Zubizarreta azpeitiarrek zein Azpeitiko bizilaguna den Jonathan Terron urretsuarrak. Izan ere, zapatuan, otsailaren 24an, Espainiako IX. Jiu-jitsu Txapelketa jokatuko da Guadalajaran (Gaztela-Mantxa, Espainia), eta han neurtuko dituzte indarrak hiru jiu-jitsulariek. Asier Nuñez eta Aritz Zubeldia azkoitiarrek ere hartuko dute parte sariketan.

Maila ezberdinetan jokatuko dute txapelketa Azpeitiko hiru kirolariek. Zubizarreta pisu ertaineko helduen mailan lehiatuko da. Arrieta, aldiz, pisu ertain-astuneko helduen mailan. Terron jiu-jitsuko Europako txapelduna da iazko urriaz geroztik, eta, horrenbestez, goragoko maila batean jokatuko du txapelketa; Master 2 mailako pisu astun-ertaineko helduen kategorian, hain zuzen. Maila bakoitzean 25 bat lagunek neurtuko dituzte indarrak.

Txapelketa 10:00etan hasiko da, eta zuzenean emango dute honako lotura honetan. Terronek Uztarriari adierazi dionez, "asko" etrenatu dute, eta "oso gogor" aritu dira lanean "Guadalajaran ahalik eta emaitza onenak lortzeko". Sasoi onean iritsi nahi dute txapelketara, eta sariketaren eguna iritsi arte lanean jarraituko dute.

[Arrieta (eskuinetik hasita, aurrena), Zubizarreta (eskuinetik hasita, bigarrena) eta Terron (Zubizarretaren ondoan), jiu jitsua egiten duten beste zenbait lagunekin batera (J.T).]

Jiu-jitsua Japonian sortutako kirola da, defentsa pertsonalerako erabili izan dena. Azpeitian gero eta gazte gehiago dira kirol horren inguruan interesa agertu dutenak. Arrietak eta Zubizarretak Terronek Landetan duen UFK gimnasioan entrenatzen dute jiu-jitsua, Europako txapeldunaren gidaritzapean. Haiekin batera aritzen dira Azpeitiko eta Azkoitiko zenbait lagun, tartean Leire Rezabal eta Ainara Torvisco azpeitiarrak. Taldeko emakume bakarrak dira, baina gustura aritzen dira gainerako kideekin. Torvisco kick boxingeko Espainiako txapelduna izan zen bi urtez. Orain jiu-jitsua probatu badu ere, ez du kick boxinga alboratu, eta entrenamenduak egiten jarraitzen du Zarauzko Kuraia Kick Box taldearekin. Uztarriak elkarrizketa egin zion aldizkariaren 175. zenbakian.