Jonathan Terron: "Asko pentsatu beharreko kirola da jiu-jitsu, eta estrategia bat eduki behar duzu"

Uztarria.eus 2017ko aza. 16a, 15:06
Jonathan Terron, Azpeitiko kiroldegian.

Jonathan Terron (Urretxu, 1981) Azpeitiko bizilaguna gaztetan murgildu zen borroka arteen munduan, eta ordutik hamaika titulu eskuratu ditu. Horietako bat da oraintsu lortu duena: urriaren 28an, Europako II. Brazilian Jiu-Jitsu Txapelketa irabazi zuen. Eskola bat du Landetan, eta aurrera begira klub bat sortzea du helburu. Udalak harrera egin zion joan zen astelehenean.

Zertan datza jiu-jitsu kirola?

Japoniatik datorren kirola da. Defentsa pertsonalerako erabiltzen da, eta txapelketetarako egokitu da kirol hau. Aurkaria eraitsi behar da, eta, ondoren, lurrean jarraitzen da borrokan. Helburua da aurkaria mendean hartzea eta hark amore ematea. Borroka amaitu behar duzu, aurkaria itoaraziz edo beso bat luzatu arte. Sumisio kontua da, beraz. Brazilian jiu-jitsu aldaera bat da, eta, egun, jendeari asko gustatzen zaio.

Nola iritsi zara Europako Txapetara?

Bernidormen (Alacant) entrenatzen dut, eta hango lagun batek Espainiako Txapelketa irabazi zuen. Hark proposatu zidan Europako Txapelketan parte hartzea, eta animatu egin nintzen.

Urriaren 28an jokatu zenuen txapelketa. Zer izan zen zure egitekoa?

Zortzi borroka egin nituen egun horretan, eta guztiak irabazi nituen. 09:00etan hasi genuen txapelketa, eta 20:30k ingurura arte iraun zuen. Oso txapelketa luzea eta bizia izan zen. Dezente entrenatu nuen probarako, eta neure buruarekin konfidantza nuen. Oso garrantzitsua da burua ondo edukitzea eta irabaziko duzula pentsatzea.

Noiz hasi zinen kirol hau praktikatzen?

15 urtekin hasi nintzen jiu-jitsu tradizionala egiten. Ondoren, judoari ekin nion, eta sambo arte martziala ere egin izan dut. Borroka txapelketaren bat zegoela ikusten nuenean, parte hartzera joaten nintzen. Judoko eta samboko Euskadiko Txapelduna izan naiz, eta Samboko Espainiako Txapelketan bosgarren postuan geratu nintzen. 2004ean, berriz, jiu-jitsu tradizionalean Espainiako Txapelduna izan nintzen, eta Europakoan bosgarren postuan geratu nintzen. 2006an, Munduko Txapelketa jokatu nuen kirol horretan, eta han zazpigarren egin nuen. Iberoamerikako txapelduna ere izan nintzen urte horretan. Brazilian jiu-jitsuari dagokionez, berriz, Espainiako Grappling txapelketan hirugarren egin nuen.

Nondik datorkizu zaletasun hau?

Umetan, Jean-Claude Van Dammen filmak gustatzen zitzaizkidan, eta aitari esaten nion nik ere halako zerbait egin nahi nuela. Halaxe hasi nintzen kirol honetan.

Zer behar da teknika hau barneratzeko?

Fisikoki ondo egon eta burua argi izan behar duzu. Asko pentsatu beharreko kirola da, eta estrategia bat eduki behar duzu probetan. Poliki-poliki joaten zara teknika barneratzen, eta fisikoa ere modu horretara lantzen duzu. Entrenamenduak gogorrak izaten dira.

Non entrenatzen duzu?

Benidormera joaten naiz uda pasatzera. Abuztu osoa han igarotzen dut, eta erabaki nuen han entrenatzen hastea. Sasoi horretan, goiz eta arratsaldez entrenatzen dut. Gainontzean, nire ikasleekin entrenatzen dut.

Eskola bat ere baduzu.

Azpeitiko Landeta auzoan ematen ditut eskolak. Hamabost ikasle inguru ditut, eta gogor entrenatzen dugu. Teknika guztiak lantzen ditugu, ikasleek gorputz osoa landu dezaten. Jendeak oso maila altua dauka. Baina daukagun lekua txikia da, eta ikasleek duten maila kontuan hartuta, aurrera begira klub bat sortzeko asmoa dut, kirol hau praktikatzen dutenek txapelketetan lehiatzeko aukera izan dezaten. Ikusten dut interes bat badagoela kirol honekiko, eta aukera bat eman nahi diet interesa duten ikasle horiei. 

Zer erronka duzu aurrera begira?

Datorren urtean Espainiako Txapelketa jokatuko da, eta han hartuko dut parte. Hori da nire hurrengo erronka. Horrez gain, Munduko Txapelketa ere laster jokatuko da, eta hori ere buruan dut.

Jiu-jitsuak ez du oihartzunik beste kirol batzuekin alderatuta. Nola ikusten duzu panorama?

Espainian, beharbada, kirol honek ez du oihartzun handirik, baina gero eta gehiago entzuten da. Euskal Herrian ere uste dut poliki-poliki ezagun egiten ari dela.