San Juan festen sua pizteko prest dira Urrestilla eta Oñatz

Uztarria.eus, Urola Kostako Hitza 2016ko eka. 23a, 13:15
Iazko San Juan arbola sartzen, Urrestillako plazan.

Urrestildarrek gaur hasi eta igandera bitartean ospatuko dituzte aurtengo festetako egun nagusiak. Oñaztarrek, berriz, bihar eta igandean izango dituzte hitzorduak.

Iritsi da ekainaren 23a, San Juan bezpera eta, horrekin batera, Urrestillako sanjuanetako egun nagusiak. Gaur hasi eta igandera bitartean ospatuko dituzte festak urrestildarrek. Joan den astean hasi zituzten jaiak, baina gaurtik aurrera lehertuko da festa. Urtero legez, herri afariaren ondoren zuhaitza sartuko dute plazan, eta igande gaua artean egongo da tente.

Urrestillako Festa Batzordeak jai "anitzak" antolatu nahi izan ditu, "herri baloreetan" oinarrituak. Hori dela eta, esate baterako, aurten inoiz baino ekitaldi gehiago jarri dituzte umeentzat. "Parte-hartzea" jarri dute festen "erdigunean", eta horregatik antolatu dituzte aurten umeentzat olinpiadak, krosa beharrean: "Umea protagonista izatea nahi genuen, eta handira jo beharrean, parte-hartzea sustatzeko modu hobea iruditu zitzaizkigun jolasak", azaldu du Aitor Aranburu batzordeko kideak. 60 ume inguruk parte hartu zuten asteburuko ekintzan, eta balorazio ona egin dute.

Parte-hartzearen ildoari tiraka, herritarrei eman diete aurtengoan jaietako kamisetak diseinatzeko aukera. Zortzi proiektu aurkeztu dituzte, eta Joseba Orbegozorena eta Aloña Garmendiarena aukeratu dute. Urrestillako Lurdesen dendan salgai daude jaietako kamisetak.

Gaurtik hasita, egunero dago zer egina Urrestillan, gau eta egun, ume zein helduentzat. Ostiralean, adibidez, Azpeitiko Txantxalgara taldeak antzeztuko du plazan, eta gauean ere gazte afaria eta hiru kontzertu egongo dira. Dena den, larunbata izango da, agian, egun "fuerteena". "Goizetik hasita dago eskaintza, edonorentzat", azaldu du Aranburuk. Umeentzat jolasak eta helduentzat sagardo dastaketa, bazkaria eta musa egongo dira, eguerditik hasita. Horrez gain, artisauek azoka jarriko dute arratsaldean, eta festa batzordeak ere postua izango du, kamiseten lehiaketan parte hartu duten herritarren lanak erakusteko.

Hona hemen, Urrestillako sanjuanetako egitaraua:

Gaur, osteguna

  • 20:00. Poteo herrikoia.
  • 21:00. Pregoia eta festen hasierako suziria.
  • 21:15. Herri afaria.
  • 00:00. San Juan zuhaitza sartzea.
    Ondoren, Laket taldearekin dantzaldia.

Ekainak 24, ostirala

  • 12:00. Meza.
  • 12:45. Azpeitiko Udal Musika Banda.
  • 13:00. Buruhandiak.
  • 16:30. Txantxalgara haurrentzako emanaldia.
  • 19:30. Sorgin poteoa.
  • 21:00. Gazte afaria.
  • 23:00. Kontzertuak: Ezten, Zopilotes Txirriaos eta Trikimailu.

Ekainak 25, zapatua

  • 12:30. Sagardo dastaketa eta bazkaria.
  • 14:00-14:45. Mus txapelketarako izen-ematea.
  • 15:00. Mus txapelketa.
  • 16:00. Puzgarriak.
  • 16:30. Artisau azoka.
  • 20:00. Elektrotxufla.

Ekainak 26, igandea

  • 16:00. Haur jolasak.
  • 23:00. Zuhaitzaren entierroa.

Autobus zerbitzua

Aurten ere, sanjuanak direla-eta autobus zerbitzu bereziak jarriko ditu Azpeitiko Udalak Urrestillarako joan-etorriak egiteko.

Gaur, ekainak 23, Azpeititik Urrestillara joateko autobusa 22:30ean izango da anbulatorio aurrean. Urrestilatik Azpeitira bueltatzeko bi zerbitzu izango dira, 03:30ean eta 06:00etan.

Ekainaren 24an eta 25ean, ostiral eta zapatuan, Azpeititik Urrestillara joateko autobusa 22:30ean izango da anbulatorio aurrean. Urrestillatik Azpeitira bueltatzeko, berriz, 01:30ean, 03:30ean eta 06:00etan izango dira autobusak.

Eta ekainaren 26an, bukatzeko, Azpeitia eta Urrestilla arteko autobusa 22:30ean irtengo da anbulatorio aurretik, eta bueltakoa 01:30ean izango da.

Oñazko sanjuanak

Oñatzen ere ez dira ahaztuko sanjuanak ospatzeaz. Bihar, San Juan eguna, eta igandean jarri dituzte jai giroko hitzorduak. Hona hemen, egitaraua:

Ekainak 24, ostirala

  • 12:00. Meza, Azpeitiko Koruak lagunduta
    Ondoren, hamaiketakoa trikitilariekin.

Ekainak 26, igandea

  • 12:00. Meza.
    Ondoren, herri kirolak egingo dira, trikitilariekin batera.