Festa giroa hasi da Urrestillan

Uztarria.eus 2016ko eka. 20a, 13:16

San Juan aurreko asteburu betea izan dute Urrestillan. Ostiral gauean pilota jaialdiarekin hasi eta atzo, igandea, jubilatuen egunarekin bukatu arte, hainbat ekitaldi izan dituzte aukeran eta festa giroa somatu da kalean. Zapatu arratsaldean ume eta gurasoentzako olinpiadak egin zituzten; ilunkeran eta gauean, berriz, Bentzaharreko Mutiko Alaien urteroko kantujiraren bueltan elkartu zen jendea.

Igandea jubilatuen eguna zen Urrestillan. Aurten bazkaria Antxieta elkartean egin dute eta 50 lagun elkartu ziren bertan. Igartzako Candida Agirre eta Joxe Elola bere senarra omendu dituzte aurten. Jubilatuen egunean, bestalde, Sahatsa Dantza Taldeak ere izan zuen tartea. 40 urte betetzen ditu aurten Sahatsak eta, urteurren hori gogoan, emanaldia egin zuten igande eguerdian Urrestillan. Kalez kale ibili ondoren, taldea orain dela 40 urte sortu zen plazan bukatu zuten ikuskizuna.