Sanjuanetako kamiseta berriak salgai dituzte jada Urrestillan

Uztarria.eus 2016ko eka. 14a, 19:07

Sanjuanak badatoz, eta Urrestillan hasi dira aurtengo festetarako prestatzen. Asteburu honetan izango dituzte lehen hitzorduak eta, hurrengo astean, 23tik 26ra ospatuko dituzte San Juan festak Urrestillan.

Bi urtean behin, festetako kamiseta berria ateratzen du Urrestillako Festa Batzordeak, eta aurten elastikoa estreinatzea tokatzen zaie. Argazkian ageri dena da, hain zuzen ere, kamiseta berria. Urte luzez Jose Ramon Aristiren marrazkietan oinarritutako diseinuak erabili ondoren, aurten lehen aldiz sanjuanetako kamisetarako marrazki lehiaketa antolatu dute. Eta irudikoa da lehiaketara aurkeztu diren lanetatik aukeratu dutena; Aloña Garmendiak eta Joseba Orbegozok egin dute.

Kamiseta berriak eta lepoko zapiak salgai daude jada, Lurdesen dendan. Ostiral arratsaldean eta zapatu goizean, berriz, plazan jarriko dute saltokia festa batzordekoek.