Maiatzaren 14an hasiko dira Azpeitiko autobusak Donostiako geltoki berrira iristen

Uztarria.eus 2016ko mai. 6a, 17:23

Donostiako autobus geltokia. (AZPEITIKO UDALA)

Udalak "zoriondu" egin ditu herritarrak, haien "eskari eta presioaren bidez lortu" delako aldaketa, "eta hori herritarrei eskertzeko modukoa iruditzen zaigu".

Bihar zortzi, maiatzaren 14an, hasiko dira Azpeititik eta ingurukon herrietatik Donostiara joaten diren lineako autobusak hiriburuko geltoki berrian sartzen. Hala iragarri du Azpeitiko Udalak, ohar bidez. Martxoaren 23an aurreratu zuen Udalak berak Urola Erdiko autobusak Atotxako geltokira iritsiko zirela. Geltoki berria otsailaren 6tik dago erabilgarri, baina haren irekierak berekin ekarri zituen ibilbide aldaketek geltokitik kanpo utzi zituen, hasieran, Urola Kostako autobusak. Aldaketa horien kontrako kexuak berehala etorri ziren, erabiltzaileen zein udalen aldetik. Horrela, besteak beste, Diputazioan bilerak egin zituzten udal ordezkariek, eta Azpeitiko Udalak erabiltzaileak beste bilera batera deitu zituen, informazioa emateko eta proposamenak jasotzeko.

Hain zuzen ere, Udalak "zoriondu" egin nahi izan ditu herritarrak, haien "eskari eta presioaren bidez lortu" delako azkenean autobusak geltoki berrira iristea, "eta hori herritarrei eskertzeko modukoa iruditzen zaigu. Izan ere, beren ekimenei esker Aldundiak bere hasierako iritzia aldatu behar izan du, eta gure eskualdeko autobusak geltoki nagusira helduko dira". Kexutik haratago joanda, "herritar ororen interes orokorren alde aritu dira zenbait lanean, eta hori ere txalotu nahi" du Udalak.