Urola Erdiko autobusak Donostiako geltoki berrira iritsiko dira azkenean

Uztarria.eus 2016ko mar. 23a, 20:09

Azpeitiko Udalak eman du berria, "ofizialki" jakinarazpenik jaso ez duela zehaztuta. Aldaketak "zerbitzuan inolako murrizketarik ez eragitea exijitzen" du Udalak.

Hasieran aurreikusi ez bezala, Urola Erdiko autobusek tokia izango dute, azkenean, Donostiako autobus geltoki berrian. Hala jakinarazi du Azpeitiko Udalak, "ofizialki" jakinarazpenik jaso ez duela zehaztuta. "Udalak hainbat erakunderekin egindako bileren ondorioz, Urola Erdiko autobusak Donostiako geltokira iritsiko" direla esan du Udalak ohar bidez, bailaratik hiriburura doazen autobusak geltoki berrira iristea "Urola Erdiko herritarren eta, konkretuki, azpeitiarren eskaera" zela gogoratuz.

Otsailaren 6tik Azkoitia-Donostia autobus lineako autobusen Donostiako geltokietan izandako aldaketek kexak eragin zituen hasieratik, bai erabiltzaileenak eta bai Azpeitiko Udalarenak. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin bilera egin ondoren, herritarrekin beste bilera bat deitu zuen Udalak, erabiltzaileei egoeraren berri eman eta haien proposamenak Diputazioari helarazteko. Bilera hartan, Azpeititik Donostiara doazen autobusak, edo horietako batzuk behintzat, berriro Amaratik igarotzeko alternatibak mahai gainean jarri eta hemengo autobusak ere Atotxako estazio berrira iristea eskatu zuten erabiltzaileek.

Orain, Azpeititik Donostiara doazen autobusak estazioraino iritsiko direla jakinarazi du Udalak; aldaketa noiz gauzatuko den ez dakite oraindik.

Aldaketaren eraginez

Autobusak estaziora iristeak "zerbitzuan inolako murrizketarik ez eragitea exijitzen" duela nabarmendu du, era berean, Udalak, "zerbitzuaren kalitatean, frekuentzian eta maiztasunean eragin kaltegarririk ez dezala izan" eskatuz.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurreikuspenen arabera, baina, Urola Erdiko autobus denak estazioraino iristeak eragina izango luke, besteak beste, bidaien iraupenean eta zerbitzuen maiztasunean. Hain zuzen ere, orain arteko ordu erdiroko maiztasuna 45 minutura luzatuko litzateke, aurreikuspen horien arabera.