Basarteko bidegurutzean biribilgunea, autobus geltokiak eta pasabidea eraikitzeko lanak lehiaketara atera dituzte

Uztarria.eus | Hirigintza
2020ko ots. 26a, 08:30

Gipuzkoako Diputatuen Kontseiluak gaur onartu du proiektua gauzatzeko obrak lehiaketara ateratzea, eta esleitutako enpresak lau hilabete izango ditu lanak egiteko. Eider Mendoza diputazioko eledunak azpimarratu du GI-631 errepideko bidegurutzetik "gatazkatsuena" dela Munategin dagoena, eta garrantzia handikotzat jo du proiektua.

Bidegurutzean sortzen diren "egoera gatazkatsuak" saihesteko asmoz egingo dute biribilgunea. (Azkoitiko Udala)  Ikusi haundiago | Argazki originala

Azpeitia eta Azkoitia artean dagoen Basarte industrialdearen aurreko bidegurutzean biribilgunea eraikitzeko obrak lehiaketara ateratzea onartu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak atzo, asteartea. Aldundiak GI-631 errepidean, Munategi parean, eraikiko du 42 metroko diametroa duen biribilgunea, eta horrek hiru irteera izango ditu: Basarte industrialdera, Azkoitira eta Azpeitira. Horrez gain, autobusentzako bi geltoki eta oinezkoentzatko zein txirrindularientzako pasabide bat eraikiko ditu foru erakundeak. 499.112,56 euroko aurrekontua du proiektuak, eta obrak esleitutako enpresak lau hilabete izango ditu lanak gauzatzeko.

Eider Mendoza Gipuzkoako Diputazioko eledunak jakinarazi duenez, bailara "goitik behera" zeharkatzen duen GI-631 errepidean dagoen bidegurutzerik "gatazkatsuena" da Basarten dagoena, eta horregatik, proiektuak eskualdearentzat "garrantzi handia" duela berretsi du.

Hark gogoratu du Azkoitiko eta Azpeitiko udalek eta industrialdeko enpresek egindako eskaerei erantzunez gauzatuko dutela proiektua, eta lanen helburua bidegurutzean sortzen diren "egoera gatazkatsuak saihestea" dela azpimarratu du. Izan ere, bidegurutze horrek zenbait "egoera arriskutsu" sortzen dituela adierazi du bozeramaileak; besteak beste, industrialdera sartzeko eta handik irteteko maniobrak egiterakoan istripuak izaten direla azaldu du, eta autobusak gelditzeko "leku segururik ez" dagoela gaineratu du. Horrez gain, industrialdearen aldetik pasealekura joan nahi duten oinezkoentzako ere arriskutsua dela adierazi du Mendozak, GI-631 errepidea gurutzatu behar izaten dutelako horiek.

Gipuzkoako Foru Aldundiak iazko martxoan jakinarazi zuen Basarte poligonoaren bidegurutzean biribilgunea egingo duela, eta ekainean onartu zuen proiektua.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu