Biribilgunea eta pasabidea egingo ditu Foru Aldundiak Basarteko bidegurutzean

Uztarria.eus 2019ko mar. 7a, 15:48

Bide Azpiegituretako Departamentuak egindako proiektuaren arabera, "biribilgune zirkular bat, bi autobus geraleku eta oinezkoen nahiz ziklisten pasabidea" egingo ditu Foru Aldundiak. Erakundearen arabera, Basarteko bidegurutzean "arazoak" sortzen dira, eta horiek konpontzeko egingo dute biribilgunea.

Gipuzkoako Foru Aldundiak biribilgunea egingo du Azpeitia eta Azkoitia artean dagoen Basarte poligonoaren bidegurutzean. Foru Aldundiak gaur argitaratu ditu proiektuaren gaineko xehetasunak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO). 

Erakundearen arabera, Basarteko bidegurutzean "arazo larriak" sortzen dira, eta horiek konpontzeko egingo dute biribilgunea: "Basarte poligonora sartzeko bideguru­tze­a Azpeitiko eta Azkoitiko udalerrien arteko mugan dago, eta T motako bideguru­tze bat da. Sarbide hori, ordea, bihurgune baten barrualdetik har­tzen da, eta bihurgune hori GI-631 errepideko bi lerro zuzenen artean dago. Aldi berean daudenez, alde batetik, bihurgunea, bideguru­tze­ari ikuspena ken­tzen diona, eta bestetik, errepideko bi lerro zuzenak, zirkulazio abiadura handia ahalbide­tzen dutenak, egoera gatazka­tsu­ak sor­tzen dira bideguru­tze­aren fun­tzio­namenduan". Egoera horien adibide gisa, honako hauek aipatu ditu Foru Aldundiak: "Alde batetik, istripuak, aipatutako industrialdera sar­tze­ko eta handik irteteko maniobrak egiteko orduan. Bestetik, oinezkoen­tza­ko arriskua, aipatutako errepidea guru­tza­tzeko orduan, poligono aldeko espaloitik pasealekura joateko. Eta, azkenik, leku segururik ez egotea autobusak geldi­tze­ko". Arazo horiek ekiditea da gaur argitaratutako proiektuaren helburua. 

Bide Azpiegituretako Departamentuak egindako proiektuan jasotzen denez, biribilgune zirkular bat, bi autobus geraleku eta oinezkoen nahiz ziklisten pasabidea egingo ditu Foru Aldundiak Basarteko bidegurutzean. Horiez gain, honako lan hauek ere egingo dituzte: bide zorua berri­tzea; eragindako zerbi­tzu­ak birjar­tze­a (draina­tze sarea, eta ur hornidurako hodi bat, Gipuzkoako Urak erakundearena); bi paldo lekuz alda­tzea; zonako argiteria-sare berri bat egitea eta lorezain­tza-lanak. 

Obren lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 315.594,30 euro da. Horri %21eko BEZari dagozkion 66.274,80 euro gehitu behar zaizkio. Obrak egiteko hiru hilabete beharko dituztela aurreikusten du Foru Aldundiak.