Basarteko bidegurutzean biribilgunea egiteko proiektua onartu du Foru Aldundiak

Uztarria.eus 2019ko eka. 11a, 15:34

Azkoitia eta Azpeitia artean, Munategi parean, egingo dute 42 metroko diametrodun biribilgunea. Lanak 2019an lizitatzea eta 2020an lau hilabeteko epean gauzatzea aurreikusten du foru erakundeak. Biribilguneak hiru irteera izango ditu: Basarte industrialdea, Azkoitia eta Azpeitia.

Azpeitia eta Azkoitia artean dagoen Basarte industriagunearen aurreko bidegurutzean biribilgunea eraikitzea onartu du gaur, asteartea, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak. Hain zuzen ere, GI-631 errepidean, Munategi parean, eraikiko du foru erakundeak 42 metroko diametrodun biribilgunea, eta horrek hiru irteera izango ditu: Basarte industrialdea, Azkoitia eta Azpeitia.

Aldundiak azaldu duenez, Azpeitiko eta Azkoitiko udalek nahiz industrialdeko enpresek egindako eskaerari erantzunez gauzatuko du proiektua, bidegurutzean sortzen diren "egoera gatazkatsuei" irteera emateko. "Alde batetik, istripuak sahiestuko dira aipatutako industrialdera sartzeko eta handik irteteko maniobrak egiteko garaian; bestetik, oinezkoentzako arriskua gutxituko da, poligono aldeko espaloitik pasealekura joateko errepidea gurutzatzerakoan; eta azkenik, autobusak gelditzeko leku segururik ez egotea ere sahiestuko da".

Aldundiaren Bide Azpiegituretako Sailak informazio publikoko fasean izan du proiektua –martxoan kaleratu zuen GAOn–, eta lanak 2019an zehar lizitatzea aurreikusten duela azaldu du. Obrak 2020an, hasi eta lau hilabeteko epean egingo ditu erakundeak, eta horretarako 450.000 euroko aurrekontua baliatuko du.