Anjel Lertxundi eta Irene Arrarats solasean arituko dira bihar Dinamoan, 'Itzulpenak bizi gaitu' izenburupean

Uztarria.eus 2020ko urt. 28a, 15:52
Anjel Lertxundi idazlea. (Erein)

"Itzultzaile eta idazle baten arteko solasaldia" eskainiko dute Lertxundik eta Arraratsek bihar. Hitzaren Eskolaren barruan antolatu dute saioa, eta interesa duen edonor bertara daiteke. 19:00etan hasiko da solasaldia.

Anjel Lertxundi idazlea eta Irene Arrarats itzultzailea Dinamoa sormen gunean izango dira bihar, asteazkena, "itzultzaile eta idazle baten arteko solasaldian". Itzulpenak bizi gaitu izenburupean arituko dira solasean Lertxundi eta Arrarats, 19:00etatik aurrera. 

Hitzaren Eskolaren barruan antolatutako ekitaldi irekia da biharkoa, eta interesa duen edonor bertara daiteke saiora. Besteak beste, hizkuntzaz, literaturaz eta itzulpenez arituko dira solasean Lertxundi eta Arrarats.

Biharkoa ez da Hitzaren Eskolaren barruan antolatzen duten lehen saio irekia izango.  Iñigo Astiz idazle iruindarrak eta Mikel Aierbe idazle azpeitiarrak poesia errezitaldi berezia eskaini zuten joan zen urrian Hitzaren Eskolaren ekitaldi ireki batean. Harkaitz Canok eta Antton Olariagak, berriz, Hitzalak solasaldia eskaini zuten. Hitzaren eta irudiaren arteko harremanaz mintzatu ziren orduko hartan. Miren Gaztañaga antzerkigileak eta Maider Oleaga zinemagileak Inork ez zekin igaro gabe saioa eskaini zuten Hitzaren Eskolaren barruan.