Etxeko obra batekin hasi dira XXXVII. Euskal Antzerki Topaketak

Uztarria.eus 2019ko aza. 1a, 12:40

Atzo, ostegunarekin, hasi ziren XXXVII. Euskal Antzerki Topaketak. Eta ezin hobeto hasi ere; izan ere, Erika Olaizola azpeitiarrak Panpina lana estreinatu zuen, eta sarrera guztiak agortu ziren. Ikusmin handia piztu zuen Olaizolak berak sortu duen eta antzezten duen obrak, eta ikus-entzuleei ez zien hutsik egin. Soreasu antzokiko agertokian eskaini zuen 50 minutuko obra, ikusleak ere oholtzan bertan zirela. Azpeitiko Kultur Mahaiak eta Azpeitiko Udalak banatzen dituzten Sorkuntza Beketako bat jaso du aurten Olaizolak Panpina lanaren sormen prozesua gauzatzeko, eta hark Oier Guillan eta Leire Arenas izan ditu bidelagun.

Atzo Sortzaile Berrien Zikloaren barruan eskaini zuen obra Olaizolak, eta datorren ostegunean Xanti Agirrezabalaren txanda izango da: hark ere Sorkuntza Bekari esker ondu du Satiro obra. Hilaren 14an, ostegunez, jarraituko du zikloak, eta hain zuzen ere, Maite Aizpurua zumaiarrak Umm...mmu antzezlana estreinatuko du –Aizpuruak ere Sorkuntza Beka jaso zuen–. Zikloaren barruko azken obra azaroaren 21ean izango da; herritarrek Esti Curiel zumaiarraren 35 Huts antzezlanaz gozatzeko parada izango dute.

Hasi besterik ez dira egin antzerki topaketak: gaur, ostirala, Zaldi Urdina antzezlana izango da Soreasu antzokian; bihar, Izoztutako haizea bezala eskainiko dute; eta etzi Etxerik txikiena eta Noa Uy! Uy! Uy! obrez gozatu ahal izango dute txikienek. Antzezlanetarako sarrerak Internet bidez eros daitezke, azpeitia.eus webgunean.

(Argazkia: Azpeitiko Udala)