Sortzaile Berrien Zikloarekin, bihar hasiko dira XXXVII. Euskal Antzerki Topaketak

Uztarria.eus 2019ko urr. 30a, 10:33
'Zaldi Urdina' obrako aktoreak. (Artedrama)

Erika Olaizola azpeitiarraren Panpina obraren estreinaldiak irekiko du aurtengo edizioa. Bihar izango da emanaldia 20:00etan, Soreasun. Ostiralean Zaldi Urdina obra ikusi ahalko da Soreasun, eta Izoztutako haizea bezala zapatuan. Igandean, berriz, umeei eta gaztetxoei zuzendutako bi antzezlan izango dira Dinamoan eta Soreasu antzokian: Etxerik Txikiena eta Noa uy! Uy! Uy!.

Sortzaile Berrien Zikloarekin hasiko dira bihar, osteguna, XXXVII. Euskal Antzerki Topaketak. Erika Olaizola azpeitiarraren Panpina obraren estreinaldiak irekiko du aurtengo edizioa: hain zuzen ere, 20:00etatik aurrera ikusi ahal izango da Olaizolak ondu duen antzezlana, Soreasu antzokian. Ondoren, mokadua eta solasaldia izango dira.

Azpeitiko Kultur Mahaiak eta Azpeitiko Udalak banatzen dituzten Sorkuntza Beketako bat jaso du aurten Olaizolak Panpina lanaren sormen prozesua gauzatzeko; Oier Guillan eta Leire Arenas izan ditu bidelagun. Honako hau da obraren sinopsia: "Erika Rooibos aktore ospetsua da. Gaur bere publiko guztia gonbidatu du antzoki honetara: iritsi da mundu guztiaren aurrean egia esateko momentua. Gaur, lehen aldiz, Erika Rooibosek maitasuna egingo du bere itzalarekin".

Ez da, baina, Panpina izango datozen egunetan Azpeitian ikusi ahal izango den obra bakarra; izan ere, ostiralean Artedramak Zaldi Urdina lana taularatuko du ostiralean, 21:30etik aurrera, Soreasu antzokian. Ximun Fuchs da obraren zuzendaria, eta Ainara Gurrutxaga zuzendari laguntzailea. Honako aktore hauek izango dira agertokian: Ander Lipus, Manex Fuchs, Urko Redondo, Miren Alcala, Oier Zuñiga, Edurne Azkarate eta Olatz Beobide. Honako hau da antzezlanaren sinopsia: "Aingeru, 17 urteko mutil gaztea, desagertu egin da, tekno jaialdi batean gazte bat bihotzekoak jota hil ondoren. Zaldi Urdina deitzen den droga berri batek eragin dio heriotza gazteari. Polizia Aingeruren bila dabil, trapitxeroa bera delakoan".

Larunbatean, berriz, Izoztutako haizea bezala lana ikusi ahal izango da 21:30ean hasita, Soreasu antzokian. Fernando Bernues da obraren zuzendaria, eta Rafael Herrero da Tanttaka taldeak ekoiztu duen antzezlanaren egilea. Nerea Elizalde, Tania Fornieles eta Koldo Olabarri dira, berriz, aktoreak. Honako hau da lan horren sinopsia: "Heriok hiru silaba ditu... Nazka... Arratsaldeko zortziak dira. Tiro hotsa. Neska bat farmazia batetik korrika irteten da. Bizikleta hartu, eta atzera begiratu gabe, pedalei eraginez badoa. Nire aitaren arnasa...".

Umeentzat bi antzezlan izango dira igandean: Etxerik txikiena eta Noa Uy! Uy! Uy!. Lehen lana Yarleku Teatroak eskainiko du 17:00etan, Soreasu antzokian. Rosa Diaz da lanaren zuzendaria, eta Laura Villanueva eta Eva Azpilikueta aktoreak. Emakume antzezle onenaren Feten 2019 saria jaso dute horiek. Honako hau da Etxerik txikiena lanaren sinopsia: "Maleta bat eta sagarrondo bat hartuta eta laster itzultzeko gogoz Bettinak bere etxetik alde egin du, gerrak eragiten duen beldurraz eta bonben zarata hotsaz deskantsua hartzeko. Bere "etxe berria" eta bere egoera berria, baina, ez dira berak espero bezalakoak. Normak, bere antzeko egoeran dagoen neskato batek, istorio honetan zehar lagundu egungo dio, eta elkarrekin, halabeharrez, zailtasunei aurre egiten lagunduko dien laguntasuna eraikiko dute".

Noa Uy! Uy! Uy! obra, berriz, Pantharrei konpainiaren lana da, eta 17:00etan eskainiko dute saioa, Dinamoa sormen gunean. 3 eta 6 urte bitarteko umeei zuzendutako lana da, eta Idoia Aiestaran eta Emilio Fernandez de Pinedo dira antzezleak. Honako hau da lan horren sinopsia: "Amona Krotxet eta aitona Bonbinorekin emango du eguna gaur Noa ttikiak. Gaurkoa ekintza libre eta bat-batekoa ezagutzeko eguna izango da. Bizitza jolas naturalaren bitartez biziko dute, eta bidaia horretan, Krotxet eta Bonbino gazte sentituko dira berriro, eta Noak baldintzagabeko maitasuna zer den ezagutuko du".

Sarrerak, salgai

Antzezlanetarako sarrerak Internet bidez eros daitezke dagoeneko, azpeitia.eus webgunean. Gainera, obren egunetan leihatilan eskuratu ahal izango dira sarrerak, bost euroren trukean. 12 urtera arteko haurrek, berriz, hiru euro ordaindu beharko dute.

Asteburuko egitaraua

Urriak 31, osteguna. Estreinaldia. Panpina obra, Erika Olaizolaren eskutik, 20:00etan, Soreasu antzokian. Ondoren, mokadua eta solasaldia. (Sortzaile Berrien Zikloa).

Azaroak 1, ostirala. Zaldi urdina obra, Artedramaren eskutik, 21:30ean, Soreasu antzokian. (Helduentzat).  

Azaroak 2, larunbata. Izoztutako haizea bezala obra, Ttanttakaren eskutik, 21:30ean, Soreasu antzokian. (Helduentzat).

Azaroak 3, igandea.

  • Etxerik txikiena obra, Yarleku Teatroaren eskutik, 17:00etan, Soreasun. (Haur eta helduentzat).
  • Noa Uy! Uy! Uy! obra, Pantharrei konpainiaren eskutik, 17:00etan, Dinamoan. (3-6 urte bitartekoentzat).