30 antzezlan eta lau estreinaldi, Euskal Antzerki Topaketen menuan

Uztarria.eus 2019ko urr. 24a, 19:11
Euskal Antzerki Topaketen antolatzaileak eta parte hartuko duten aktoreak nahiz zuzendariak.

Urriaren 31tik azaroaren 23ra egingo dituzte XXXVII. Euskal Antzerki Topaketak. Sortzaile Berrien Zikloko lanak Dinamoan taularatuko dituzte, ostegunetan. Euskal Herriko eragileen lehen topaketa ere izango da azaroaren 21ean.

Udazkenarekin batera, iritsi da Azpeitira urteroko hitzordua: hastear dira XXXVII. Euskal Antzerki Topaketak. Hain zuzen ere, urriaren 31tik azaroaren 23ra bitartean egingo dute aurtengo edizioa, eta guztira, 30 antzezlan, erakusketa bat eta Euskal Herriko antzerki eragileen lehen topaketa izango dira. Obren artean, lau estreinaldi eta aurre estreinaldi bat izango dira. Gainera, berrikuntza moduan, Sortzaile Berrien Zikloko antzezlanak izango dira ikusgai ostegunetan, 20:00etan, Dinamoa sormen gunean. Ohi bezala, oparo datoz beraz, aurten ere topaketak.

Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak nabarmendu duenez, "tradizio handiko kultur diziplina" da antzerkia herrian, eta etorkizunera begira ere antzerki topaketen aldeko "apustuarekin segitzeko asmoa" dute. Baina Azpeitian antzerkiak azaroan bakarrik ez duela izango lekua  azpimarratu du, urte osoan baizik. "Nabarmentzekoa da Dinamoa sormen gunearen hasierarekin batera antzerki eskola martxan jarri izana", esan du.

Aurtengo edizioko lau estreinaldiak Sorkuntza Bekaren bidez Dinamoan ondutako obrak izango dira, eta Eneritz Albizu Kultura batzordeburuari "benetako ilusioa" eragiten dio horrek. "Guk sormenean eta sorkuntzan sinesten dugu, eta prozesu horiek babesteko baliabideak eskaintzen saiatzen gara". Gainera, topaketak euskara hutsean izateak duen garrantzia azpimarratu du. "Azpeitiak hainbat arlotan erakutsi du posible dela euskaraz bizitzea, eta kultur arloan ere oso argi dugu hori dela gure bidea. Posible da antzerki topaketak euskaraz egitea".

Aitor Bengoetxea Kulturaz kooperatibako kideak udalaren eta Kulturazen arteko elkarlana ematen ari den emaitza aipatu du. "Antzerkia osotasunean eta modu duin batean lantzera iritsi gara, eta aurten horri beste ukitu bat eman nahi izan diogu". Hain justu, Euskal Antzerkiaren Lekua izeneko proposamen berria izan du hizpide. Azaroaren 21ean, euskarazko antzerkigintzan adituak eta arituak direnek topaketa egingo dute herrian, eta hori urtez urte "euskarazko antzerkigintzaren erreferentziagune" bilakatzea da asmoa.

Elena Margüello Euskal Antzerki Topaketetako kartelaren egileak ere hartu du hitza. Hark esan duenez, antzerkia "oso kanpotik" jaso izan du, eta hori islatzen saiatu da lanean; horregatik erabili ditu elementu gutxi kartela osatzeko. "Nire ustez, errealitatearen misterioa eta fantasia nahasten ditu antzerkiak, eta elementu gutxi horiekin eta hondo beltzarekin hori islatu nahi izan dut", esan du.

Era berean, topaketetan parte hartuko duten aktoreek eta zuzendariek beren lanen inguruko zertzeladak eman dituzte topaketen aurkezpenean. Sortzaile berriek hartu dute lehenik hitza. Maite Aizpuruak azaldu duenez, ikerketa pertsonal baten emaitza da Umm...mmu obra. "Runningaren kulturari kritika egin nahi izan diot". Esti Curielek, berriz, 35 huts inprobisazio lan batzuetatik abiatu zela azaldu du: "Inprobisazioak egin nituen Miren Gojenola zuzendariarekin, eta Aitziber Garmendiak idatzi du testua. Pertsonaia nagusiak 35 urte beteko ditu hurrengo egunean, eta familiatik jaso duen oinordetzaren edo maldizioaren beldur da". Bestalde, Xanti Agirrezabala azpeitiarraren Satiro obrak "gaur egungo gizarte hipersexualizatua" du abiapuntu. "Aztertu nahi izan dut gure desirak benetan jarraitzen ote ditugun edo gizarteak bideratzen ote gaituen".

Eromen Produkzioak konpainiaren Orlac-en eskuak obra  Ainhoa Odriozola azpeitiarrak idatzi du, eta antzezlanaren nondik norakoak azaldu ditu: "Paul Orlac pianista da, baina eskurik gabe geldituko da. Patuaren inguruko jarrera ezberdinak dituzten pertsonaiak azalduko dira obran. Patuaz hausnartzeko thriller-komedia bat da". Tartean Teatroaren Simplicissimus Kabaret obraz hitz egin du Myriam Gartziak, eta hark nabarmendu du Ylenia Bagliettoren partez Patxo Telleria ariko dela aktore lanetan. "Umorearen inguruko ariketa bat da, baina dramatik ere badu. Zuzeneko musika izango da antzezlanean". Borja Ruiz Zer gertatu ote zitzaion Ana Garciari? lanaren zuzendariak azaldu du obra biolentziaren gaineko gogoeta dela, eta horretarako, kasu errealak eta fikziozkoak uztartu dituztela.  

Sarrerak, salgai

Antzezlanetarako sarrerak Internet bidez eros daitezke dagoeneko, azpeitia.eus webgunean. Gainera, obren egunetan leihatilan eskuratu ahal izango dira sarrerak, bost euroren trukean. 12 urtera arteko haurrek, berriz, hiru euro ordaindu beharko dute.

Egitaraua

Urriak 31, osteguna. Estreinaldia. Panpina obra, Erika Olaizolaren eskutik, 20:00etan, Dinamoan. Ondoren, mokadua eta solasaldia. (Sortzaile Berrien  Zikloa).

Azaroak 1, ostirala. Zaldi urdina obra, Artedramaren eskutik, 21:30ean, Soreasu antzokian. (Helduentzat).  

Azaroak 2, larunbata. Izoztutako haizea bezala obra, Ttanttakaren eskutik, 21:30ean, Soreasu antzokian. (Helduentzat).

Azaroak 3, igandea.

  • Etxerik txikiena obra, Yarleku Teatroaren eskutik, 17:00etan, Soreasun. (Haur eta helduentzat).
  • Noa Uy! Uy! Uy! obra, Pantharrei konpainiaren eskutik, 17:00etan, Dinamoan. (3-6 urte bitartekoentzat).

Azaroak 7, osteguna. (Estreinaldia). Satiro obra, Xanti Agirrezabalaren eskutik, 20:00etan, Dinamoan. Ondoren, mokadua eta solasaldia. (Sortzaile Berrien Zikloa).

Azaroak 8, ostirala. Babesleku arrotzak eta animalia bakartien hotsak obra, Rubik konpainiaren eskutik, 21:30ean, Soreasun. (Helduentzat).

Azaroak 9, larunbata. Orlac-en eskuak obra, Eromen Produkzioaken eskutik, 21:30ean, Soreasun. (Helduentzat).

Azaroak 10, igandea. Gizon zoriontsuaren alkandora obra, Teatro Paraisoren eskutik, 17:00etan, Soreasun. (Haur eta helduentzat).

Azaroak 11, 12 eta 13. Eskolei edo gaztetxoei zuzenduriko antzerkia, 11:00etan eta 15:30ean, Soreasu antzokian.

Azaroaren 1etik 17ra. Corrado Masacciren txotxongilo tailerra eta erakusketa, Betharram aretoan, goizez eta arratsaldez.

Azaroak 14, osteguna. Estreinaldia. Umm... mmu obra, Maite Aizpuruaren eskutik, 20:00etan, Dinamoan. Ondoren, mokadua eta solasaldia. (Sortzaile Berrien Zikloa).

Azaroak 15, ostirala. Zer gertatu ote zitzaion Ana Garciari? obra, Pabellon 6 gazte konpainiaren eskutik, 21:30ean, Soreasu antzokian. (Helduentzat).

Azaroak 16, larunbata. Aurre estreinaldia. Simplicissimus Kabaret obra, Tartean konpainiaren eskutik, 21:30ean, Soreasun. (Helduentzat)

Azaroak 17, igandea. Mari eta gaileta fabrika obra, Eidaberen eskutik, 17:00etan, Soreasun. (7-14 urte bitarteko gaztetxoentzat).

Azaroak 21, osteguna.

  • Euskal antzerkiaren lekua, egun osoz, Sanagustin kulturgunean eta Dinamoan.
  • Estreinaldia. 35 huts obra, Esti Curielen eskutik, 20:00etan, Dinamoan. Ondoren, mokadua eta solasaldia. (Sortzaile Berrien Zikloa).

Azaroak 22, ostirala. Eraikitzen gaituzten hitzak obra, Horman Posterren eskutik, 21:30ean, Gaztetxean. Aurrez, 20:00etatik 21:15era, luntx bejetarianoa. (Antzerki alternatiboa).

Azaroak 23, larunbata. Lapur minak obra, Cia Tornado konpainiaren eskutik, 20:00etan, Azpeitiko Alde Zaharrean. (Euskal Antzerki Topaketen amaierako ikuskizuna).