Irudhitzen lehiaketaren IV. edizioa

Martxan da argazkilaritza eta literatura elkartzen dituen Irudhitzen lehiaketa

Uztarria.eus 2019ko urr. 3a, 20:12

Mugimendua izango da lehiaketaren laugarren edizioaren gaia. Horrenbestez, parte-hartzaileek mugimenduarekin lotura duten irudiak aurkeztu beharko dituzte argazkien ataleko lehiaketara. Argazkiak bidaltzeko azken eguna azaroaren 1a izango da. Ondoren, irudi guztien artetik hamabi nabarmenduko ditu epaimahaiak, eta orduan zabalduko da irudiei hitzak jartzeko epea. Argazkien eta testuen lehiaketako irabazleek 150 euroko saria jasoko dute. Aurten, gainera, beste bi sari banatuko ditu Uztarriak, herritarrek Irduhitzen erakusketan botoa emateko aukera izango baitute. Lehiaketan nabarmendutako argazkiekin eta testuekin 2020ko egutegia kaleratuko du Uztarriak.

Beste urte batez, hemen da argazkilaritza eta literatura lotzen dituen Irudhitzen lehiaketa. Irudiak eta hitzak elkartzen dituen egitasmoa da Irduhitzen, eta aurtengoa lehiaketaren laugarren edizioa da. Uztarria Komunikazio Taldeak jarri zuen martxan egitasmoa, Kulturaz kooperatibarekin elkarlanean, eta helburua da herritarrak euskarazko edukien sortzaile izatera animatzea eta argazkiekin eta testuekin jolastuz irudimena dantzan jartzea. Orain arteko edizioetan egin bezala, Azpeitian ateratako argazkiak oinarri hartuta bi azpi-lehiaketa izango ditu IV. Irudhitzenek: irudien lehiaketa eta testu laburrena.

Aurtengo ediziorako aukeratutako gaia Mugimendua da. Beraz, argazki lehiaketan parte hartu nahi duten herritarrek gai horrekin era batera edo bestera lotura duten irudiak aurkeztu beharko dituzte. Argazki lehiaketara irudiak bidaltzeko epea zabalik dago jada. 

Argazki lehiaketaren oinarriak 

  • Gaia: Mugimendua.
  • Zuri-beltzean nahiz koloretan ateratako argazkiak bidal daitezke.
  • Irudiek Azpeitian ateratakoak izan behar dute.
  • Lehiaketan parte hartzeko ez da ezinbestekoa azpeitiarra izatea.
  • Argazkiak horizontalak izatea eta JPG formatuan aurkeztea ezinbestekoa da.
  • Parte-hartzaile bakoitzak bost argazki aurkez ditzake gehienez.
  • Irudiak argazki kamerarekin edo mugikorrarekin ateratakoak izan daitezke, baina ahalik eta kalitate handiena izan behar dute. 
  • Argazkiak lehiaketakuztarria@gmail.com helbidera bidali beharko dira, azaroaren 1eko 21:00ak baino lehen. Egun eta ordu horretan itxiko da lehiaketan parte hartzeko epea.

Irudien lehiaketako epaimahaia argazkilaritzari eta zinemagintzari lotutako herritarrek osatuko dute, eta epaimahaikide izango dira Xanti Rodriguez, Nagore Iriarte eta Paola Moto. Epaimahaiak lehiaketara aurkezten diren irudi guztietatik hamabi argazki nabarmenduko ditu, eta horietako bat izango da irabazlea. Argazkiaren egileak 150 euroko saria irabaziko du. Epaimahaiak aukeratutako hamabi argazki horiei jarri beharko zaizkie hitzak ondoren. 

Hitzen txanda, azaroan

Argazki lehiaketa itxi ostean hasiko da testuen sariketa. Parte-hartzaileek Irudhitzen argazki lehiaketan aukeratutako hamabi irudiei jarri beharko dizkiete hitzak. Ipuin laburrak, narrazioak, bertsoak, olerkiak, esaldiak, hitz-jokoak... aurkez daiteze testuen lehiaketara.

Azaroaren 5ean zabalduko da hitzak aurkezteko epea, eta hil horren 22an itxiko da. Xabier Gantzarain, Miren Garate eta Leire Ostolaza arduratuko dira aurkeztutako testuetatik hamabi nabarmentzeaz. Horietako bat izango da testu irabazlea, eta egileak 150 euroko saria eskuratuko du. 

Honako hauek dira testu lehiaketaren oinarriak:

  • Argazkia oinarri hartuta, parte-hartzaile bakoitzak erabakiko du zertaz idatzi: agazkiaz, irudiak sentiarazten dionaz, horren inguruan pentsatzen duenaz...
  • Gehienez 100 hitzeko testuak izan behar dute.
  • Parte-hartzaile bakoitzak gehienez bost testu aurkez ditzake lehiaketara.
  • Zehaztu egin behar da zein argazkiri jarri zaizkion hitzak.
  • Posible da argazki bati testu bat baino gehiago jartzea. 
  • Azaroaren 22a izango da testuak lehiaketara bidaltzeko azken eguna.

Egutegia, erakusketa eta sari berriak

Azken urteetan egin bezala, Uztarria Komunikazio Taldeak datorren urteko egutegia kaleratuko du IV. Irudhitzen lehiaketan nabarmendutako hamabi argazkiekin eta testuekin. Uztarriaren bazkideek etxean jasoko dute 2020ko Irudhitzen egutegia, 2019ko abenduko aldizkariarekin batera. Bazkide ez diren herritarrek, berriz, egutegia erosteko aukera izango dute Uztarriaren erredakzioan.

IV. Irudhitzen lehiaketara aurkeztutako material guztiarekin –argazki eta testu guztiekin– erakusketa prestatuko du Uztarria Komunikazio Taldeak Kulturaz kooperatibarekin elkarlanean. Beraz, 2020ko urtarrilletik otsailera bitartean Irudhitzen lehiaketak utzitako argazki eta testu guztiak ikusgai izango dira Sanagustin kulturgunean. Aurten, berrikuntza bezala, herritarrek botoa emateko aukera izango dute erakusketak irauten duen bitartean. Modu horretan, gehien atsegin duten argazkiaren edo testuaren aldeko boza emateko aukera izango dute herritarrek, eta boto gehien jasotzen duten lanen egileei sari bana emango die Uztarriak.

Irudhitzen, urtez urte

I. Irudhitzen: Argazkien ataleko irabazlea: Maialen Etxaniz. Testuen ataleko irabazlea: Izaskun Egiguren.

II. Iruhitzen: Argazkien ataleko irabazlea: Alberto Beloki. Testuen ataleko irabazlea: Irati Aranguren. 

III. Irudhitzen: Argazkien ataleko irabazlea: Juan Joxe Agirre. Testuen ataleko irabazlea Maialen Etxaniz.