Irudhitzen lehiaketa

Maialen Etxanizek irabazi du III. Irudhitzen lehiaketaren testuen atala

Uztarria.eus 2018ko aza. 23a, 13:18
III. Irudhitzen lehiaketa irabazi duen testua, dagokion argazkiarekin.

Angel Olabarriaren argazkiari jarritako testuarekin irabazi du Etxanizek testuen lehiaketa, eta 150 euroko saria eskuratuko du.

III. Irudhitzen lehiaketaren testuen ataleko epaimahaiak hala erabakita, Maialen Etxaniz azpeitiarrak irabazi du lehiaketaren idatzizko atala. Gaur, azaroak 23, jakinarazi dute epaia Xabier Gantzarainek, Leire Ostolazak eta Miren Gorrotxategik. Etxanizek Angel Olabarriaren argazkiari jarritako testua da epaimahaikideek nabarmendu dutena; albiste honen irudian bateratuta ikus daitezke argazkia eta testua. Horrenbestez, 150 euroko saria eskuratuko du hitzen sortzaileak. Lehiaketa irabazi duenaz gain, Etxanizen beste testu bat ere aukeratu dute epaimahaikideek 2019ko egutegia osatzeko.

Egutegia osatuko duten beste 11 irudiei lagunduko dieten testuak ere epaimahaikideek aukeratu dituzte, eta honako egile hauenak dira: Ihintza Elustondo, Eñaut Frantzesena, Amaia San Vicente, Anne Aizpurua, Irati Aranguren eta Miren Puertas. Egile batzuen kasuan, haiek idatzitako testu bat baino gehiago aukeratu ditu epaimahaiak.

III. Irudhitzen

Koloreak izan dira Irudhitzen lehiaketaren aurtengo gaia. Juan Joxe Agirrek irabazi zuen argazkien atala, eta horrenbestez, 150 euroko saria jasoko du Agirrek ere. Saritutako irudiaz gain, Agirreren beste argazki bat ere aukeratu zuten irudien ataleko epaimahaikideek datorren urterako egutegirako. Gainerako irudiak honako herritar hauenak dira: Irene Larrañaga, Javier Bastida, Angel Olabarria, Irati Aranguren, Iñigo Olarte eta Iñaki Etxenagusia. Xanti Rodriguezek, Alberto Belokik eta Ainara Garciak osatu zuten irudien ataleko epaimahaia.

Guztira, 39 argazki eta 37 testu aurkeztu dituzte Irudhitzen lehiaketaren hirugarren ediziora.

Egutegia eta erakusketa

Uztarria Komunikazio Taldeak abenduko aldizkariarekin batera banatuko du Irudhitzen lehiaketara aurkeztutako irudiekin eta testuekin osatutako 2019ko egutegia. Ondoren, Kulturaz kooperatibarekin elkarlanean, erakusketa jarriko du urtarrilean Sanagustin kulturgunean, III. Irudhitzen sariketara aurkeztutako testu eta argazki guztiekin. Erakusketa horren irekierarekin batera egingo da lehiaketaren sari banaketa ekitaldia ere.