Dena prest dute Euskal Pentatloi Txapelketaren finalerako

Uztarria.eus | Kirolak
2019ko ira. 17a, 13:25

Pentatloiaren finala 22:00etan hasiko da, eta zezen plazako ateak 21:00etan irekiko dituzte. Sarrerak salgai daude Azpeitiko Mendizabal erretegian eta Orioko Kutixi eta Ibarrako Errotatxo kafetegietan, 20 eurotan. Joseba Otaegik, Arria V.ak, Zalduak, Txapartegik, Mugertzak eta Aizperrok neurtuko dituzte indarrak Pentatloiaren final handian.

Finalistak, Azpeitiko zezen plazan. Ezkerretik eskubira: Otaegi, Mugertza, Arria V, Txapartegi eta Aizperro. Zaldua ez da izan gaurko agerraldian. (Maialen Etxaniz)  Ikusi haundiago | Argazki originala

Ate joka dago II. Euskal Pentatloi Txapelketaren finala. Datorren zapatuan, irailak 21, jokatuko dute iaz berreskuratutako herri kirol jaialdiaren finala Azpeitiko zezen plazan, 22:00etan hasita, eta dena prest dago hitzordu handirako. Irailaren 7an, larunbatez, izan zen II. Pentatloiaren finalaurrekoa, eta orduko hartan finalerako txartela eskuratu zuten sei kirolariak izango dira nor baino nor datorren larunbateko ikuskizunean. Hain zuzen, Xabier Orbegozo Arria V.a errezildarrak, Joseba Otaegi zizurkildarrak, Joxean Olaskoaga Aizperro oriotarrak, Aratz Mugertza mutrikuarrak, Xabier Zaldua –iazko txapelduna– zumarragarrak eta Luis Txapartegi aizarnarrak jokatuko dute II. Euskal Pentatloi Txapelketaren finala. 

Gaur, asteartea, agerraldia egin dute Pentatloi Txapelketaren antolatzaileek, koordinatzaileek, Gipuzkoako Herri Kirolen Federazioko ordezkariek, Azpeitiko Udalekoek eta finalean izango diren kirolariek Azpeitiko zezen plazan bertan, hitzorduaren inguruko xehetasun guztiak azaltzeko. Zalduak ezin izan du gaurko agerraldian egon. Pentatloiaren finalaren egunean, 21:00etan irekiko dituzte zezen plazako ateak, eta 22:00etan hasiko da herri kirol jaialdi handia. Finalaurrekoan egin bezala, kirolariek bost proba egin beharko dituzte hilaren 21eko finalean. Aurrenik, 100 kiloko harriari hogeita bost jasoaldi egin beharko dizkiote. Ondoren, 400 kiloko harriarekin bi plaza osatu beharko dituzte. Aizkoran jardun beharko dute jarraian, eta kirolari bakoitzak hiru kanaerdiko ebaki beharko ditu. Txingen txanda izango da gero, eta finalistek 50 kiloko bi txingarekin sei plaza egin beharko dituzte. Finala borobiltzeko, lasterka egin beharko dute parte-hartzaileek, eta korrika hiru kilometro osatu beharko dituzte. Hau da, zezen plazari 30 bira eman beharko dizkiote. Proba horiek guztiak azkarren bukatzen dituenak eramango ditu etxera II. Euskal Pentatloiaren txapeldunaren aizkora eta txapela.

Pentatloiaren finala herri kirolen "festa handia" izatea nahi dute probaren antolatzaileek. Gainera, aurreratu dute eguraldiaren iragarpenen arabera, kirolariek eguraldia lagun izango dutela zapatuko finalean. Euria egitekotan, proba guztiak euritan egingo dituztela azaldu dute, aizkora salbu. Kasu horretan, karpa batzuk muntatuko dituztela jakinarazi dute, egurra busti ez dadin. Antolatzaileek eskerrak eman dizkiete Azpeitiko Udalari, erakutsitako prestutasunagatik eta emandako laguntzagatik. Agustin Lizarralde zinegotziak, bere aldetik, herri kirolak sustatzen jarraitzeko prestutasuna agertu du, eta horren harira esan du Udalak bere baliabideak denen eskutan jartzen jarraituko duela. Era berean, Azpeitia betitik herri kirolei estu lotuta egon dela gogoratu du Lizarraldek, eta oraingoan ere herritarrek pentatloiaren finala "gogoz" hartuko dutela esan du: "Azpeitia pentatloi txapelketaren finalaren zain dago". 

Sarrerak, aurrez salgai

Finalerako egun gutxiren faltan, dagoeneko salgai jarri dituzte herri kirol jaialdirako sarrerak. Azpeitian, Mendizabal erretegian jarri dituzte txartelak eskuragarri, 20 eurotan. Herrian ez ezik, Ibarrako Errotatxo kafetegian eta Orioko Kutixi okindegian ere jarri dituzte salgai, prezio berean. Egunean bertan ere irekiko dute zezen plazako leihatila, sarrerak eskuratu nahi dituztenentzat. Txarteldegia 20:30ean irekiko dute. 

 28 urte eta gero, iaz berreskuratu zuten Euskal Pentatloi Txapelketa. Orduko hartan ere Azpeitiko zezen plazan jokatu zen jaialdia, eta jendetza bertaratu zen ikuskizunaz gozatzera. Xabier Zalduak jantzi zuen txapela. Hona hemen, iazko pentatloiko argazkiak. 

Bidali:  

Erantzunak

Erabiltzailearen aurpegia da hau Gabiriko Pablo | 2019-09-17 : 14:01

Jaun Goikua eta Herri kirola

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu