Joseba Otaegi, Arria V.a, Zaldua, Txapartegi, Mugertza eta Aizperro, Pentatloiaren final handira

Uztarria.eus 2019ko ira. 7a, 23:44

Baditu finalistak II. Euskal Pentatloi Txapelketak: Joseba Otaegi, Xabier Orbegozo Arria V.a, Xabier Zaldua, Luis Txapartegi,  Aratz Mugertza eta Joxean Olaskoaga Aizperro. Gaur, zapatua, jokatu dute probaren finalaurrekoa Azpeitiko zezen plazan, 18:00etan hasita, eta jende ugari hurbildu da iaz berreskuratutako herri kirol jaialdiaz gozatzera. Haien begiradapean eta animo artean aritu dira nor baino nor finalaurrekoa jokatu duten hamaika kirolariak: Xabier Orbegozo Arria V.a errezildarra, Joseba Otaegi zizurkildarra, Joxean Olaskoaga Aizperro orioarra, Iñaki Errazkin tolosarra, Xabier Zaldua –iazko txapelduna– zumarragarra, Luis Txapartegi aizarnarra, Aratz Mugertza mutrikuarra, Jon Gisasola Zelai V.a mallabiarra, Jagoba Otaegi aizarnarra, Beñat Amade algortarra eta Osmane Drame barakaldarra. Horiek guztiek bost lan egin behar izan dituzte gaurko finalaurrekoan. Lan guztiak amaituta denborarik onena lortu duten sei kirolariek soilik lortu dute hilaren 21ean Azpeitiko zezen plazan jokatuko den finalerako txartela. 

Aurrenik, 100 kiloko harriari hamar jasoaldi egin dizkiote. Ondoren, giza proban, 400 kiloko harriarekin plaza bat egin dute. Aizkora izan da egin beharreko hirugarren lana: kirolari bakoitzak kanaerdiko bat eta 45 ontzako enbor bat ebaki behar izan ditu. Horren ostean, 50 kiloko bi txingarekin hiru plaza egin dituzte, eta, bukatzeko, zezen plazari hamar buelta –kilometro bat– eman dizkiote, lasterka. Lau txandetan jokatu dute proba. Aurreneko txandan Amadek, Zalduak eta Jagoba Otaegik neurtu dituzte indarrak; aise gailendu da Zaldua, beste biei ia lau minutuko aldea aterata. Bigarren txanda, Mugertzak, Txapartegik eta Joseba Otaegik jokatu dute, eta lehia estua izan da hiru kirolarien artean. Hirugarren txandan Errazkin, Zelai V.a eta Aizperro aritu dira, eta laugarrengoan Drame eta Arria V.a. Hasieran, Dramek Arria V.ari aurre hartu dion arren, aizkoran errezildarra nagusitu da, eta minutuetako aldea kendu dio barakaldarrari, finalaurreko bigarren denbora onena lortuz. 

Lan guztiak amaitzen azkarrena Joseba Otaegi izan da, eta 13 minutu eta 29 segundoko denbora eskuratu du. Haren atzetik sailkatu da Arria V.a, 13 minutu eta 33 segundoko denborarekin. Zaldua sailkatu da hirugarren, 14 minutu eta 24 segundoko denbora lortuta. Txapartegi izan da laugarren, 14 minutu eta 38 segundorekin. Mugertza sailkatu da bosgarren, lan guztiak 15 minutu eta 58 segundotan amaituta. Eta finalerako azken txartela Aizperrok eskuratu du, 16 minutu eta 18 segundoko denbora lortuta. 

Finalaurrekoa jokatu ezin izan duen arren, zezen plazan izan da Kepa Peñagarikano pilotari ohi azpeitiarra, II. Euskal Pentatloi Txapelketa jokatu duten hamaika kirolariak animatzen. Probarako entrenatzen ari zela izandako istripua tarteko, Peñagarikanok ezin izan du gaurko finalaurrekoa jokatu. Dena den, zezen plazan ez da haren aldeko babes mezurik falta izan. Azpeitiarraren lagunek pankarta handi bat zintzilikatu dute zezen plazaren alde batean: “Eutsi goiari, Peña! Hi haiz gure txapelduna!”, zioen.

Finala, hilaren 21ean eta gauez

Irailaren 21ean, larunbatez, jokatuko da II. Euskal Pentatloi Txapelketaren finala Azpeitiko zezen plazan, 22:00etan hasita. Hitzordu horretan are proba gogorragoak egin beharko dituzte kirolariek; izan ere, 100 kiloko harriari hogei jasoaldi egin, 400 kiloko harriarekin bi plaza osatu, hiru kanaerdiko ebaki, 50 kiloko bi txingarekin sei plaza egin eta korrika hiru kilometro osatu beharko dituzte.