Euskal pentatloia jokatuko dute zezen-plazan irailaren 29an

Uztarria.eus 2018ko eka. 27a, 19:19
Pentatloian lehiatuko diren zazpi kirolarietatik sei egon dira aurkezpenean; Txikon falta zen. Ezkerretik eskubira, Arria V.a, Txapartegi, Zelai, Maiza, Zaldua eta Arria VI.a.

Harri-jasotzen, gizon proban, aizkoran, txinga eramaten eta korrika neurtuko dituzte indarrak zazpi kirolarik: Xabier Orbegozo Arria V.ak, Haritz Azpiazu Arria VI.ak, Luis Txapartegik, Jon Ander Maizak, Jon Gisasola Zelaik, Xabier Zalduak eta Alex Txikonek. Herri kirolariek pentatloian indarrak neurtuko dituzten seigarren aldia izango da; 1990an egin zuten proba horren azken edizioa.

25 aldiz 100 kiloko bola jasotzea; gizon proban bi plaza osatzea, 400 kiloko harriarekin; kanaerdiko hiru enbor moztea; 50na kiloko txingekin sei plaza osatzea; eta 3 kilometroko korrika saioa. Lan horiek bete beharko dituzte datorren irailaren 29an, 22:00etatik aurrera, Azpeitiko zezen-plazan jokatuko den Euskal Pentatloi Txapelketan. Hondar azpian ezkutatuta izan ohi den probatokia azalera aterako dute egun horretarako zezen-plazan.

Zazpi dira iraileko hitzordurako izena eman duten kirolariak: Xabier Orbegozo Arria V.a (Errezil), Haritz Azpiazu Arria VI.a (Azpeitia), Luis Txapartegi (Aizarna), Jon Ander Maiza (Andoain), Jon Gisasola Zelai (Mallabia), Xabier Zaldua (Zumarraga) eta Alex Txikon (Lemoa). Txikon izan ezik, gainerako guztiak zezen-plazan izan dira gaur eguerdian, pentatloiaren aurkezpeneko prentsaurrekoan.

Olasagastiren lekukoaren bila

Jose Inazio Orbegozo Arria II.a eta Jose Antonio Gisasola Zelai ere Azpeitian izan dira gaur, herri kiroletako bost lanekin osatutako txapelketaren aldi berriaren aurkezpenean. Izan ere, bi kirolari ohiek ondo ezagutzen dute euskal pentatloia, eta pozik hartu dute txapelketa berreskuratzeko ahalegin hau. Duela 28 urte egin zuten azken aldiz herri kirolen pentatloia; orain, berreskuratzea nahi izan dute eta "1990ean egin zituzten lan ber-berak" egin beharko dituzte kirolariek, azaldu du Jose Anjel Sarasolak.

1980eko hamarkadan jokatu zituzten orain arte egin diren bost pentatloi txapelketak. Lehendabiziko laurak lau urtez jarraian egin zituzten, 1982tik 1985era, eta 1990ean jokatu zuten orain hurrengoa. Arria II.ak irabazi zuen 1982koa, baina Joxe Mari Olasagasti da txapel gehien dituena: 1983an, 1984an eta 1990ean garaile izan zen Igeldokoa. 1985ekoa, berriz, Anjel Arrospidek irabazi zuen.

Bitxikeria gisara, Txikonek lanak bukatzearekin bakarrik txapel bat behintzat ziurtatua duela aurreratu dute: "80 kiloz azpiko parte-hartzaile bakarra denez, aparteko txapel bat emango zaio, pisua tartean den lanetan 80 kiloz azpikoentzat izaten delako aparteko txapelketa bat", kontatu du Sarasolak.

Aurkezpenean hitza hartu duten gainerako protagonistek bezala, Jose Inazio Saizar Gipuzkoako Herri Kirol Federazioaren presidenteak ere esker oneko hitzak izan ditu Azpeitiko Udalarekiko, txapelketa hau berreskuratzeko erakutsi duen "borondatea" azpimarratuta. Estitxu Elduaien Kirol batzordeburuak eta Mikel Ibarzabal Festa batzordeburuak, beren aldetik, pentatloia ikustera joateko deia egin dute, "proba polita" izango denaren esperantzarekin.