Kepa Peñagarikanok ez du pentatloian parte hartuko, aizkorarekin istripua izan duelako

Uztarria.eus 2019ko abu. 31a, 16:32
Kepa Peñagarikano artxiboko irudi batean.

Pilotari ohiak hanka bateko hirugarren hatza ebaki du aizkorarekin Usurbilen entrenatzen ari zela, eta beste behatz batean ebakia ere egin du. Kirolaria ospitalean artatu dute, eta ezin izango du aurtengo pentatloi proban parte hartu. Lehen aldiz egin behar zuen Peñagarikanok pentatloia aurten.

Kepa Peñagarikanok ez du datorren larunbateko Euskal Pentatloi Txapelketan parte hartuko, gaur istripua izan baitu aizkorarekin entrenatzen ari zela. Pilotari ohiak hanka bateko hirugarren hatza ebaki du aizkorarekin Usurbilen entrenatzen ari zela, eta beste behatz batean ebakia ere egin du. Kirolaria ospitalean artatu dute, eta ezin izango du aurtengo pentatloi proban parte hartu. Dena den, errekuperazioaren ostean, berriz kirola egin ahal izango duela jakinarazi diote haren gertukoek Uztarria.eus-i.

Lehen aldiz egin behar zuen Peñagarikanok pentatloia aurten. Hark azaldutakoaren arabera, iaz Azpeitian jokatu zen Euskal Pentatloi Txapelketa ikustean piztu zitzaion proban parte hartzeko gogoa. Urte hasieratik gogor aritu da entrenatzen azpeitiarra, baina gaurko istripua tarteko, ez da Azpeitiko zezen plazan izango datorren larunbatean. 11 lagunek parte hartuko dute, beraz, pentatloiaren bigarren edizioko sailkapen fasean.

"Pena ikaragarria"

Peñagarikanok Euskadi Irratian adierazi duenez, "deskuido" baten ondorioz aizkora hanka gainera erori zaio, eta behatz bat harrapatu dio. Azpeitiarrari behatzaren punta ebaki dio aizkorak, eta hainbat puntu eman diote han. Dena den, 15-20 egun barru "bizitza normala" egiteko moduan izango dela aurreikusten du. Bestalde, aitortu du "pena ikaragarriarekin" dagoela, Euskal Pentlatoi Txapelketa jokatzeko "ilusio handia" zuelako. "Pentsatzen dut hurrengo urtean ere jokatuko dela pentlatoia, eta urte osoa daukagu proba buru-belarri prestatzeko", gaineratu du.