Hamabi kirolari, Euskal Pentatloi Txapelketan lehiatzeko prest

Uztarria.eus 2019ko abu. 29a, 12:22
Pentatloian parte hartuko duten kirolariak eta txapelketaren antolatzaileak.

Hamabi kirolarik eman dute izena II. Euskal Pentatloi Txapelketarako. Hori dela eta, lehenik kanporaketa fasea jokatuko dute guztiek; hilaren 7an, larunbatez, izango da Azpeitiko zezen plazan. Handik sei kirolari sailkatuko dira hilaren 21eko finalera. Sarrerak hitzorduen egunetan salduko dituzte zezen plazako leihatilan. Kepa Peñagarikano azpeitiar pilotari ohia izango da lehiakideen artean.

Arrakastatsua izan zen 28 urte eta gero iaz berreskuratu zuten Euskal Pentatloi Txapelketa, eta aurtengoak ere hala izateko itxura guztiak ditu; izan ere, iazko edizioan bost kirolarik parte hartu zuten, eta aurtengorako hamabik eman dute izena. Dagoeneko probarako prestaketa lanetan murgilduta dira kirolari guztiak, eta atzo egin zuten txapelketaren aurkezpena plazan. Iazko lehiakideetatik lauk –Xabier Zaldua txapeldunak, Luis Txapartegik, Aratz Mugertzak eta Jon Gisasola Zelai V.ak– berriz parte hartuko dute proban, baita beste zortzi kirolari hauek ere: Kepa Peñagarikano azpeitiar pilotari ohia, Xabier Orbegozo Arria V.a, Joxean Olaskoaga Aizperro, Iñaki Errazkin, Jagoba Otaegi, Joseba Otaegi, Beñat Amade eta Osmane Drame.

Hainbeste kirolarik eman dutenez probarako izena, bi zati izango ditu aurtengo lehian: lehen saioa irailaren 7an, larunbatez, izango da, 18:00etan hasita, Azpeitiko zezen plazan, eta hamabi kirolariak lehiatuko dira. Horiek 100 kiloko harriari hamar jasoaldi egin beharko dizkiote, 400 kiloko harriarekin plaza bat egin beharko dute giza proban, aizkoran kanaerdiko bat eta 45 ontzako enbor bat ebaki beharko dituzte, 50 kiloko bi txingarekin hiru plaza gauzatu beharko dituzte, eta bukatzeko, lasterka kilometro bat osatu beharko dute plazari bueltak emanez. Saio horretatik denbora onena egiten duten sei kirolariak sailkatuko dira finalera.

Finala irailaren 21ean, zapatua, izango da, Azpeitiko zezen plazan, 22:00etatik aurrera. Hitzordu horretan are proba gogorragoak egin beharko dituzte kirolariek; izan ere, 100 kiloko harriari hogei jasoaldi egin, 400 kiloko harriarekin bi plaza osatu, hiru kanaerdiko ebaki, 50 kiloko bi txingarekin sei plaza egin eta korrika hiru kilometro osatu beharko dituzte. Bi saioetan, Gipuzkoako Herri Kirol Federazioko kideak arduratuko dira kirolarien denborak-eta hartzeaz, eta hango lehendakari Jose inazio Saizarrek azaldu duenez, "gauzak txukun egiten" saiatuko dira. Hark, gainera, proban inskribatu diren parte-hartzaileen kopurua azpimarratu du, pozarren direla adierazita. "Federazioa alferrikakoa litzateke kirolaririk gabe, eta ea datorren urtean ere halako erantzuna izaten duen probak".

Atzoko aurkezpenean izan ziren Euskal Pentatloiaren bigarren edizioan parte hartuko dute hamabi kirolarietatik hamaika, eta horiez gain, bertan izan ziren Gari Etxeberria txapelketaren koordinatzailea ere. Etxeberriak eskerrak eman zizkion proba lagundu duten etxe guztiei eta Azpeitiko Udalari, "izugarrizko" laguntza jaso dutelako horiengandik. Egoitz Arruti Azpeitiko Udaleko Kirol batzordeburuak, berriz, hainbeste urtez egin ez zen proba bat berreskuratzearen garrantzia azpimarratuta, txapelketa Azpeitian egitea "ohorea" dela adierazi zuen: "Azpeitia erreferente izan da herri kiroletan, eta bidea urratzen segitu behar dugu". Haren esanetan, ikuskizun "paregabea" izango da Euskal Pentatloiarena, eta herritarrei hitzordura bertaratzeko deia egin zien zinegotziak.

Sarrerak, egunean bertan

Kanporaketarako nahiz finalerako sarrerak hitzordu horien egunetan salduko dituzte zezen plazako leihatilan. Saioak hasi baino ordu eta erdi lehenago zabalduko dituzte; hau da, 16:30ean hilaren 7an, eta 20:30ean irailaren 21ean. Kanporaketako sarrerak hamabost eurotan eskuratu ahal izango dira, eta aldiz, hogei eurotan finalerakoak. ETBk zuzenean emango du kanporaketako lehia.