Pilota utzi eta bost urtera, pentatloia egingo du lehenengoz Kepa Peñagarikanok

Uztarria.eus 2019ko uzt. 6a, 16:02
Kepa Peñagarikano, artxiboko irudi batean.

Kepa Peñagarikanok Euskal Pentatloi Txapelketan parte hartuko du lehenengoz. Iazko proba ikustera joan eta "maitemindu-edo" egin zen; beraz, animatu egin da. 11 kirolarik jokatuko dute lehen kanporaketa, irailaren 7an, eta sei onenek irailaren 21eko finalean parte hartuko dute. Azpeitiko zezen plazan izango dira bi probak.

Pilotari profesionala izandakoa da Kepa Peñagarikano, eta kirola utzi zuela bost urte beteko direnean, erabat bestelako ibilbidea hartuko du: pentatloia egingo du lehenengoz. Iaz Azpeitian jokatu zen Euskal Pentatloi Txapelketa ikustera joan zen, eta hantxe piztu zitzaion ideia. "Gustatu egin zitzaidan, maitemindu-edo egin nintzen, eta neure bururari galdetzen hasi nintzen ea ni horrelako proba bat egiteko gai izango ote nintzatekeen. Osaba aizkolaria [Joxemiel Peñagarikano] ere pentatloia ikusten zen, eta parean tokatu eta hitz egiten hasi ginen. Aizkoran irakatsiko zidala esan zidan, eta animatu egin nintzen".

Euskal pentatloirik ez zen egin urte askoan, eta aurreko urtean berreskuratu zuten proba. "Horren aurretik, 1990ean egin zuten azkena, eta Joxe Mari Olasagastik irabazi zuen. Iaz berriz martxan jarri zuten, eta sekulako arrakasta izan zuen", azaldu du Peñagarikanok. Iaz, bost kirolarik parte hartu zuten lehian, eta aurten, kopuru hori dezentez handiagoa izango da: 11 kirolari ariko dira nor baino nor. Herri kiroletan aritzen direnak ez ezik, beste hainbat modalitateko kirolariak ere animatu dira: Peñagarikano pilota mundutik dator, Aizperro arraunlari ohia ere ariko da, Iñaki Errazkin tolosarra ere bai, Beñat Amade bizkaitarra... Gainera, herri kiroletan eskarmentua dutenak ere izango dira: besteak beste, Arria V.a, Txapartegi eta Zaldua.

Iraileko lehen larunbatean, hilaren 7an, aurreneko kanporaketa jokatuko dute Azpeitiko zezen plazan. Denborarik onenak egiten dituzten lehen seirak finalera sailkatuko dira, eta irailaren 21ean, leku berean, jokatuko dute finala. Peñagarikano ari da probarako prestatzen: "Pixkanaka hasi nintzen gauzak probatzen, eta orain, azken hilabete hauetan, serio ari naiz entrenatzen". Haren arabera, aizkorako proba izango da zailena: "Inoiz ez naiz aizkoran aritu, eta oso kirol teknikoa da. Aizkolariek txikitatik ikasten dute ofizioa, baina 38 urterekin aizkoran hasita, oso zaila da ondo ikastea. Zulo handiena hor daukat".

Pilotatik herri kiroletara jauzi egitea askorentzat bitxia izan daitekeen arren, Peñagarikanok ez du hain arraro ikusten: "Familian beti bizi izan dugu gertutik herri kirolen mundua. Izan ere, gure osaba aizkolaria izan zen, eta familian badauzkat harria jasotzen ibilitakoak ere. Beti gustatu izan zait mundu hori, baina pilotan ibiltzen nintzen garaian, kanpotik ikusten nuen dena. Dena den, pilota lagata nagoenetik, beti izan dut tentazioa. Gustatu egiten zait apustu mundua, eta azkenean, neu ere engantxatu egin naiz".