Aske utzi dute Joseba Segurola 'Xegu' presoa

Uztarria.eus 2019ko api. 30a, 16:38

ETAko kide izatea leporatuta atxilotu zuten azpeitiarra 2005ean. Orduz geroztik, Frantziako hainbat espetxetan izan dute preso. Frantziako kartzela zigorra beteta, atzo Madrilera eraman zuten azpeitiarra Euroagindu bat tarteko, eta gaur, baldintzarik gabe aske utzi du Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile batek. Soto del Real espetxera eraman dute, azken izapideak egitera, eta arratsean geratu da libre.

Arratsean utzi dute aske Joseba Segurola Xegu (Azpeitia, 1975) presoa. 2005ean atxilotu zutenetik Frantziako hainbat espetxetan izan dute preso; azken urteetan, Lannemezaneko (Okzitania) kartzelan. Frantziako espetxe zigorra beteta, Euroagindu bat tarteko eraman zuten azpeitiarra atzo Madrilera, eta gaur eraman dute hura Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile baten aurrera.

Epaile horrek Segurola baldintzarik gabe aske uztea erabaki du. Dena den, Segurolaren abokatu Iñigo Iruinek Uztarria.eus-i jakinarazi dionez, prozedura ez dute orduan itxi, azpeitiarra Soto del Realeko (Madril) espetxera eraman baitute azken izapideak egitera. Azpeitiarraren senideak eta lagunak Madrilera bidean jarri dira, eta Segurola irteterako espetxe atarian ziren.

2005eko martxoaren 23an atxilotu zuten Lannemezan-en (Frantzia), ustez ETAko kidea zelakoan. 2009an Espainiako Auzitegi Nazionalak Segurola Espainiaratzeko eskaera egin zion Frantziari, baina Versallesko Apelazio Auzitegiak ez zuen onartu eskaria. 2010ean epaitu zuten Parisen, eta urte hartan bertan jakinarazi zuten epaia: 18 urteko espetxe zigorra ezarri zioten Segurolari.