Frantziak 18 urteko kartzela zigorra jarri dio Joseba Segurola 'Xegu'-ri

Uztarria.eus 2010ko ira. 24a, 13:09

Epaitegi berezi batek zigortu du eta Espainiaratzeko eskaria ere onartu egin du

2005eko martxoan atxilotu zuten Frantzian, etakidea izatea egotzita

Joseba Segurola Xegu (1975) azpeitiar presoari 18 urteko kartzela zigorra jarri dio Frantziako epaitegi berezi batek, fiskalak 15 urtekoa eskatu bazuen ere. Itsaso Zalduari ere 18 urteko zigorra jarri dio eta Oihan Barandallari, berriz, zazpi urtekoa.

Gainera, Segurola Espainiaratzeko eskaria onartu du epaitegi bereziak, nahiz eta 2009ko maiatzaren 28an hura ez Espainiaratzeko agindua eman zuen Versallesko (Frantzia) Apelazio Auzitegiak. Segurolaren kontrako euroagindua emana zuen Espainako Auzitegi Nazionalak. 2009ko urtarrilean Zegaman (Gipuzkoa) ETAren zulo bat aurkitu zuten eta Espainiako auzitegiak gertaera horrekin lotu zuen hura, Espainiaratzeko eskatuz.

Segurola 2005eko martxoaren 23an atxilotu zuten Lannemezanen (Frantzia), ustez ETAko kidea zelakoan. Epaiketaren zain, Osnyko (Frantzia) espetxe prebentiboan dago, 880 kilometrora.

Atxilotu zutenetik ondorengo espetxeetan egon da: La Sante (2005/03/26), Villefranche-Sur-Saône (2005/04/01), Lille-Sequedin (2005/09/16), Bois D`Arcy (2005/10/20), Douai (2006/03/03) eta Osny (2006/05/31).

Azpeitiko presoak, deportatuak eta iheslaria

Presoak
- Juan Karlos Arruti. (Paterra). Cordobako (Espainia) kartzelan daukate preso, Azpeititik 780 kilometrora. 1989ko irailean atxilotu zuten.
- Gotzon Aranburu. Villenan (Herrialde Katalanak) preso, 760 kilometrora. 2002ko abenduan atxilotu zuten.
- Xabier Etxeberria. (Txapi). Soto del Realean (Espainia) preso, 420 kilometrora. 2003ko urtarrilean atxilotu zuten, eta 2009ko maiatzean Espainiaratu egin zuten.
- Jabi Agirre. Ocaña I.ean (Espainia) preso, 530 kilometrora. 2003ko urtarrilean atxilotu zuten Frantzian, eta 2008ko abenduan Espainiaratu egin zuten.
- Joseba Segurola. Osnyn (Frantzia) preso, 880 kilometrora. 2005eko martxoan atxilotu zuten.
- Iker Iparragirre. Bois D'Arcyn (Frantzia) preso, 910 kilometrora. 2007ko uztailean atxilotu zuten.
- Josu Urbieta. (Pow). La Santen (Frantzia) preso, 910 kilometrora. 2010eko ekainean atxilotu zuten.

Deportatuak
- Iñaki Etxarte. Kuban deportatuta.
- Maria Angeles Artola. Venezuelan deportatuta.

Iheslaria
- Juan Manuel Bereziartua. (Pakea)

Askatasunaren weba: www.askatu.org