Sei azpeitiarrek parte hartuko dute Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasean

Uztarria.eus 2019ko api. 9a, 18:11
Txapelketaren lehen fasean parte hartuko duten bertsolariak. (Gipuzkoako Bertsozale Elkartea)

Jokin Uranga, Jon Gurrutxaga, Oier Etxeberria, Urko Egaña, Imanol Albizu eta Iker Letamendia azpeitiarrek abestuko dute Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren sailkapen fasean. Maiatzean izango dira saioak, eta 84 bertsolari ariko dira lehian. Txapelketa, berriz, uda ostean hasiko da. Beñat Lizasok dagoeneko eskuetan du txapelketarako txartela, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan egindako lana tarteko.

Irailean hasiko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa, baina oraindik erabakitzeko dago zein bertsolari ariko diren kantuan aurtengo edizioan. Horretarako, Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasea antolatu du Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak, eta 84 bertsolarik parte hartuko dute lehian, maiatzaren 4tik 25era bitartean. Eskualdeko 23 bertsolarik eman dute lehen faserako izena, eta tartean dira sei bertsolari azpeitiar: Jokin Uranga, Jon Gurrutxaga, Oier Etxeberria, Urko Egaña, Imanol Albizu eta Iker Letamendia. Maiatzean zehar, hamalau saio egingo dituzte Gipuzkoako Txoko desberdinetan. Saio bakarrean abestuko dute bertsolari guztiek, eta saio horietan lortutako puntuazioaren arabera, 34 bertsolarik lortuko dute Gipuzkoako Txapelketarako txartela. Beñat Lizaso txapelketan sartuko da irailean, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan egindako lana tarteko –final laurdenetara iritsi zen azpeitiarra–.

Dagoeneko zehaztuta dituzte saioak egingo dituzten herriak eta horietan abestuko duten bertsolariak zeintzuk diren. Iker Letamendiak, adibidez, maiatzaren 4an Idiazabalen egingo duten saioan abestuko du, Unai Muñoarekin, Egoitz Eizagirrerekin, Txomin Azpirozekin, Imanol Albizurekin eta Iker Ormazabalekin. Urko Egaña azpeitiarrak, berriz, maiatzaren 5ean du zita Orion, eta harekin ariko dira kantuan Asier Apiroz, Oier Aizpurua, Andoni Otamendi, Joseba Andoni Agirre eta Jokin Irastorza. Jon Gurrutxagak maiatzaren 12an abestuko du Lezon, Unai Mendizabalekin, Maialen Akizurekin, Iñigo Izagirrerekin, Asier Ibargurenekin eta Antton Aizpuruarekin batera. Jokin Urangak, berriz, maiatzaren 19ko saioan, Errezilen, izango du sailkapen faseko saioa, eta Imanol Irazustabarrena, Adur Gorostidi, Ion Beloki, Andoni Mujika eta Gontzal Belategi bertsolariak izango ditu parez pare. Oier Etxeberria izango da txapelketako lehen fasean kantatzen azkena; izan ere, maiatzaren 25ean Donostian izango den saioan izango da haren txanda, eta Iñigo Manzisidorrekin, Iñaki Zelaiarekin, Josu Ibargurenekin, Haizea Aranarekin eta Ane Belokirekin neurtuko ditu indarrak.

Saio horietan honako lau hauek egin beharko dituzte bertsolariek: binaka, gaia emanda, zortziko handian hiruna bertso; binaka, gaia emanda, zortziko txikian hiruna bertso; bakarka, lehen puntua emanda, nahi duen doinu eta neurrian bina bertso; eta kartzelako lana, banaka, gaia emanda, hamarreko txikian –hiruna bertso–. Saioetarako sarrerak egunean bertan salduko dituzte, aretoetan. Lehiatilak 16:00etan irekiko dituzte, eta zazpi euro ordaindu beharko dira sarrerak. Bertsozale Elkarteko bazkideek, berriz, bost euro ordaindu beharko dute.

Honako webgune honetan eskuratu daiteke sailkapen fasearen inguruko informazio guztia.