Beñat Lizasok ez du aurrera egin Bertsolari Txapelketa Nagusian

Uztarria.eus | Kultura
2017ko urr. 14a, 20:56

Bertsolari Txapelketa Nagusiko azken final laurdena jokatu dute gaur arratsaldean Tolosan, eta 646,5 puntu batu ditu azpeitiarrak.

Bertsolari Txapelketa Nagusiko azken final laurdena jokatu dute gaur, 17:00etatik aurrera, Tolosako Beotibar pilotalekuan, eta Beñat Lizaso bertsolari azpeitiarra lehiatu da bertan. Etxahun Lekue, Maddalen Arzallus, Xabat Galletebeitia, Jon Maia eta Eneko Lazkoz aritu dira harekin batera kantuan, eta honako puntu kopuru hauek lortu dituzte saioan: Lekuek 673, Arzallusek 670, Maiak 662,5, Lizasok 646,5, Galletebeitiak 636 eta Lazkozek 607.

Bertsolari Txapelketa Nagusiko final laurdenetako azken saioa izanik, gaur erabaki da zein bertsolari pasa diren finalaurrekoetara. Batetik, zuzenean igaro dira hurrengo fasera sei final laurdenetako irabazleak: Alaia Martin, Jon Martin, Oihana Iguaran, Miren Amuriza, Nerea Ibarzabal eta Etxahun Lekue. Horrez gain, honako hauek egin dute aurrera, puntuazioz: Agin Laburu, Iñaki Apalategi, Julio Soto, Unai Agirre, Maddalen Arzallus, Nerea Elustondo, Jon Maia, Jone Uria, Nahikari Gabilondo, Miren Artetxe, Beñat Iguaran eta Aimar Karrika.

Beraz, ez du aurrera egingo txapelketan bertsolari azpeitiarrak. Lotura honetan irakur daiteke Urola Kostako Hitzak hari aste honetan egindako elkarriketa.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu