Apustu etxeen kontrako dinamikak eraginda, makina txanponjalea kendu dute Azpeitiko taberna batetik

Uztarria.eus | Gizartea
2019ko mar. 13a, 18:04

Tabernaren arduradunak Uztarria.eus-i azaldu dionez, apustu etxeen auzia gizarteratzeko abiatutako dinamikek eta zenbait herritarren esperientziek gaiaz hausnartzera bultzatu dute. Horregatik erabaki du joko-makina tabernatik kentzea. Elkar-ekinek erabakia "txalotu" du, eta gainerako herritarrei dei egin die "bide beretik" jarrai dezaten. Azpeitiko tabernetako makinen inbetarioa egiteko asmoa agertu du Elkar-ekinek.

Artxibo irudia. (Uztarria)  Ikusi haundiago | Argazki originala

Azpeitiko Eperra tabernako nagusiek lokalean zuten makina txanponjalea kentzea erabaki dute. Tabernaren arduradunak Uztarria.eus-i azaldu dionez, apustu etxeen auzia gizarteratzeko abiatutako dinamikek "zer pentsatua" eman diote, eta horregatik hartu du makina tabernatik kentzeko erabakia. Hark kontatu duenez, "gertutik" ezagutu ditu "jokoaren adikzioan" murgildutako pertsonen eta horien senideen kasuak. Bizipen eta esperientzia horiek "kezka" sortu diotela azpimaratu du tabernariak. Halaber, Azpeitian apustu etxeen kontra hasitako borrokak ere "hausnarketara hurbildu" duela adierazi du.

Elkar-ekinek begi onez ikusi du makina txanponjalea taberna horretatik kendu izana, eta "pozez" hartu du herritarraren erabakia: "Eperra tabernak makina kentzeko erabakia hartu duela jakin dugun honetan, Elkar-ekineko kideok gure poza agertu nahi dugu. Tabernako nagusiaren jarrera txalotu nahi dugu interes ekonomiko hutsen gainetik, gogoeta egin eta erabaki hau hartzera iritsi delako. Horregatik, erabaki ausarta dela azpimarratu nahi dugu". 

Apustu makinak edo makina txanponjaleak dituzten Azpeitiko gainerako tabernariak gogoetara gonbidatu nahi ditu Elkar-ekinek. "Gure aburuz, makina horien atzean dauden enpresen interes ekonomikoek nahiz makinek ondorioak dituzte hainbat herritarrengan. Horiek nahikoa arrazoi dira gailuak lokaletatik kentzeko. Beraz, Eperra tabernako nagusiak hartutako bidea jarraitzera animatu nahi ditugu gainerako tabernariak ere", adierazi du eragileak.

Luparekin aztertzeko gaia

Azken urteotan joko areto ugari zabaldu dute han eta hemen, eta Azpeitia ez da salbuespena izan. Iazko urriaren 30ean zabaldu zuten RETAbet enpresak Azpeitian egokitu duen apustu etxea, eta joko aretoaren irekierak herrira ekarri zuen apustu etxeen negozioaren inguruko afera. Eztabaida sortu ez ezik, alarma gorria piztu zuen zenbaitengan, eta Elkar-ekin taldeak haren irekieraren kontra presio soziala egiteko kanpaina jarri zuen martxan. 

Apustu etxea zabaldu aurretik hasi zituen protestak Elkar-ekinek. "Apustu etxearen kanpaina abiatu genuenean argi esan genuen apustuen arazoa ez zela apustu etxera mugatzen. Jokoaren negozioari lotutako arazo hau Azpeitiko apustu etxea ireki aurretik ere bazegoen herrian, eta noizbait lokala ixtea lortzen badugu ere, arazoak jarraitu egingo du", esan du Elkar-ekinek. Horren jakitun, eragileko kideek azken hilabeteotan apustu etxearen aurkako borroka "lehenetsi" dute beren jardunean, eta aurrera begirako ekimenak pentsatzen hasi dira jada. Haiek Uztarria.eus-i aurreratu diotenez, Elkar-ekinek Azpeitiko tabernetako makinen inbetarioa egiteko asmoa du. Azterketaren helburua "herrian zenbat makina dauden eta makina horiek non dauden" zehaztea da, ondoren "urrats berri bat" proposatu ahal izateko.

Ekimen iraunkorra, amaitzear

Apustu etxeen kontrako elkarretaratzeak, gaia gizarteratzeko hitzaldiak eta mobilizazioak antolatu zituen Elkar-ekinek 2018. urtea amaitzerako. Sinadura bilketa ere egin zuen, eta 1.636 herritarrek eman zuten apustu etxearen kontrako sinadura. Abenduaren 15ean egindako elkarretaratzean ekimen berri bat martxan jartzeko asmoa agertu zuen herri eragileak, eta handik gutxira epe luzeko ekimena jarri zuen martxan. Hain zuzen, herriko hainbat norbanakoren babesarekin kontzentrazioak egin dituzte astero apustu etxearen aurrean. Ostegunetan egin dituzte elkarretaratzeak, eta aste honetakoa bederatzigarrena izango da. 

Hilaren 28an egingo dute ekimen iraunkorraren barruko azken elkarretaratzea, eta egun horretarako deialdi berezia egingo dute, ahalik eta herritar gehien elkartzea xede. Elkar-ekinek azaldu duenez, "laster" jakinaraziko ditu deialdi horren gaineko xehetasunak. 

Apustuen eta horien atzean dagoen negozioaren nahiz horien albo-kalteen inguruko erreportajea egin zuen Uztarria Komunikazio Taldeak herri aldizkariaren 211. zenbakian.

Bidali:  

Erantzunak

Erabiltzailearen aurpegia da hau Gabiriko Pablo | 2019-03-13 : 21:07

Eperrako tragaperraren azken hegaldia

pintxotorpe | 2019-03-14 : 09:43

Martxoak 17 igandea, presoen aldeko mus txapelketa herrikoia gaztetxean! 500, 250 eta 100 euroko sariak irabazlentzat. Azaldu!

Perikomotxala | 2019-03-14 : 10:17

"gertutik" ezagutu ditu "jokoaren adikzioan" murgildutako pertsonen eta horien senideen kasuak"

Alkoholismoaren kasuak ezagutuz gero alkohola saltzeari utziko ahal dio??

Txakurzarra | 2019-03-14 : 14:51

Apustu etxearen aurkako kexak azaldu aurretik bazuen jendeak bere buruari bizpahiru buelta emateko premia. Apustu etxien bezela tabernatan apustuek itie zarek, ta iñok eztik in manifestaziyoik tabernatan eoteien makinan kontra!! Jokoa ez da erREnTA!!

Joselu | 2019-03-14 : 19:00

Zertzeate zuek, "Dana ala Ezer Ez" taldekuek? ta beti ezer ez?

Juanlu | 2019-03-14 : 19:26

Apustu etxien kontra zabiltzetenak zeate gero lelenak jokatzen!

Joñoloroño | 2019-03-15 : 14:21

Niri ondo iruditzen zait apustu etxe, makina,etab en aurkako jarrera publikoki azaltzea, baiño hipokresia galanta dugu herri honetan. Apustu etxeak kaltea dakar gure herrira, eta akaso estankuek ez? Tabernetan zemat alkoholismo eta droga kontsumo dago eta ederki asko joaten gara denok lagunartean.
Iñori etzaio okurritzen horien aurka jartzea, kuriosoa da benetan gure herriko jarrera, kuriosoa elikagunean ere "kañeroa" dugu letxugak erostera joan eta alkohola edateko premia sartzen bazaigu ere...

enpankaleko_ataikue | 2019-03-15 : 14:28

Eta erdikalien "belar" dendie...

Sutxinparta | 2019-03-21 : 13:36

Bueeno! A ze gogoa ezer ez egin eta besteen lanari gaitzesteko. nik uste kontraesanak bidean aurkitzen direla eta borroka konkretuak balio handia dutela garaipen txikiak aurrera egiten laguntzen digutelako. Bai, borroka apustu etxearen aurkakoa da ikusgarria den zerbait delako eta herria arduratuta dagoelako, nik uste, baina borroka honi esker tabernetan ere hasi dira hausnartzen eta zihur nago kontzientzia zabaltzen ari dela herrian, firma bilketa horren adibide. Ez dela hobetzeko dagoen bakarra? Ados, antza denez uztarriako forozaleak azpeitiko adikzioen lista egiteko ere balio izan du, orain falta zaizuena antolatu eta identifikatu dituzuen borrokak piztea da...

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu