Irabazteko gutxi

Uztarria.eus 2018ko abe. 20a, 17:35

Osorik irakur daiteke dagoeneko webgune honetan 2018ko abenduko Uztarria aldizkaria (hemen, PDF formatuan). Uztarriaren 211. zenbaki horretan, apustuei eta horien albo-kalteei eskainitako erreportaje zabal hau irakur daiteke, Ane Olaizola eta Julene Frantzesena kazetariek idatzitakoa.

Azken urteotan apustu etxeek joko areto ugari zabaldu dute han eta hemen, eta Euskal Herria ez da salbuespena izan, ezta Azpeitia ere. Izan ere, joan zen urriaren 30ean zabaldu zituzten RETAbet enpresak Azpeitian egokitu duen gunearen ateak, eta haren irekierak eztabaida herriratu du. Eztabaida ez ezik, alarma gorria piztu du zenbaitengan, eta Elkar-ekin taldeak haren irekieraren kontra presio soziala egiteko kanpaina jarria du martxan.

Talde horrek apustu etxea zabaldu aurretik hasi zituen protestak, eta sinadura bilketa ere egin zuen; hain zuzen ere, 1.636 herritarrek eman zuten apustu etxearen kontrako sinadura. Elkarretaratzea, gaia gizarteratzeko hitzaldiak eta abar egin ditu Elkar-ekinek, eta aurrera begira ere, bide horretan segitzeko asmoa du. Horren erakusle da abenduaren 15ean egin zuten elkarretaratzea. Herriko dozena bat eragileren eta talderen babesa jaso zuen kontzentrazioak.

Apustu etxea zabaldu aurretik sortu zen eztabaidaren erdian, Azpeitiko Udalak ere "kezka" agertu zuen haren irekiera zela eta. Gune horrek sor ditzakeen "ondorio kaltegarriak" saihesteko, baliabide guztiak eskura jarriko dituela jakinarazi zuen. Gainera, Eusko Jaurlaritzari apustu etxeak Azpeitian sor dezakeen inpaktuaren informazioa eta txostena eskatu zizkion, eta apustu etxeen araudia berrikustea galdegin zion erakundeari.

Apustuen eta jokoaren aferak ertz asko ditu, eta askotariko iritziak sortzen dituen gaia da. Uztarria saiatu da gaiaren ertz horiek ukitzen, baina, ahalegindu arren, ezinezkoa izan zaio RETAbet enpresako arduradunekin hitz egitea. Hala eta guztiz, herrira ekarri du pil-pilean den gaia, eta mendeko diren bi herritarrekin eta horietako baten senide batekin hitz egin du erreportaje hau osatzeko.

Lekukotza I: "Bizitzan gauza bakarraz damutzen naiz: jokatzeaz"

Izen-abizenak. Anonimoa. Adina. 61 urte. Herria. Azpeitia.

"18 urte inguru nituenean, noizean behin makina txanponjaleetan jokatzen hasi nintzen. Duela 31 urte, ordea, Azpeitira etorri nintzen bizitzera, eta gehiago jokatzen hasi nintzen. Azpeitia leku berria zen niretzat, eta inguru itxi batekin egin nuen topo. Gainera, euskaraz hitz egiten ez jakiteak zaildu egin zidan herrian integratzea. Ez dakit zergatik hasi nintzen jokatzen; izan daiteke bakarrik sentitzen nintzelako, itota nengoelako edo zerbait berria probatu nahi nuelako.

Hasieran, igaro nitzakeen egunak jokatu gabe, ez zen ezer gertatzen jokatzen ez banuen, baina iritsi zen une bat, zeinatan esnatu eta jokatzeko beharra sentitzen nuen. Jokoarekin pentsatzen esnatzen nintzen; ohetik jaiki eta zuzenean jokatzera joaten nintzen. Errutina eta beharra nahasten hasi ziren orduan. Gainera, inoiz zerbait irabazten banuen, hurrengo egunean ere irabaz nezakeela pentsatzen nuen; horrek engainatzen ninduen. Baina irabazten ez banuen ere, 'beharbada bihar bai', pentsatzen nuen. Biharkoan pentsatzen kateatu eta irten ezin duzun espiral batean sartzen zara.

Aurpegi bikoitzarekin bizi nintzen garai hartan; etxean urteetan ez zuten jakin jokatu egiten nuela. Beti agertzen nintzen pozik eta zoriontsu, eta guztia ondo zegoen besteen begietara. Barrutik eramaten nuen guztia. Dirua lortzeko, berriz, gezurrak asmatzen nituen, eta, ondoren, jokorako erabiltzen nuen. Pentsaezinak diren gauzak egiten ditut dirua lortzeko, eta zentzu horretan, min handia egin diot jendeari.

Egun batean, senarrari esan zioten jokoan ibiltzen nintzela. Une hartan, ohikoa izaten den moduan, esan nuen gehiago ez nuela egingo. Duela sei urte inguru izan zen hori; eta Errenteriako Ekintza elkartera joaten hasi nintzen. Dena den, menpekotasuna ez zen orduan amaitu; senideei esaten nien ez nuela jokatzen, baina gezurra zen. Jokoa utzita urtea betetzear nintzela, berriz hasten nintzen, baina ez nion inori esaten. Denboraldi bat pasatu nuen modu horretan, baina azken urteetan, kontrola galdu nuen. Egunean 300 euro gastatzera ere iritsi nintzen.

Behin, anaia nagusiari dirua eskatu nion, jendearekin nituen zorrak kitatu nahi nituelako. Zorra kendu, jokatzeari utzi eta kito; horixe nahi nuen. Mila aldiz esaten nion hori neure buruari, baina dirua duzunean... Anaiak emandako 250 euro horiek eskuetan, zera pentsatzen nuen: 'Zer arraio!', eta jokatu egiten nuen. Ondorioz, jendearekin ez ezik, anaiarekin ere zorretan. Egunero ikusten duzun jendea, gertukoa, da min gehien egiten diozuna, eta horrek bihotza puskatzen dizu, baina jokoa indartsuagoa da.

Bost hilabetez Usurbilgo zentro batean egon ostean, orain esan dezaket iazko azaroaren 9an jokatu nuela azkenekoz. Hogei urte jokoan ibili eta gero, oso garrantzitsua izan da hori niretzat, baina badakit ezin dudala erlaxatu. Izan ere, ludopatok bizitza osoan ibili behar dugu tentuz. Egun, bizitza aktiboa daukat. Senarrarekin bizi naiz, eta adibidez, otordu ederrak prestatzen ditut, lehen ez bezala.

Bizitza honetan gauza bakarraz damutzen naiz: jokoan aritzeaz. Senarrak eta lagun batzuek izugarri lagundu didate, eta horiei esker lortu dut aurrera egitea. Jokoaren ondorioz, ordea, seme-alabekin harremana galdu nuen, eta orain haiekin nuen hartu-emana berreskuratzen ari naiz.

Borondatea, laguntza handia eta norbere buruan sinestea behar dira jokoaren menpekotasunetik ateratzeko, baina posible da. Zaila izango da, eta min egin diozun jende horri eskatu beharko diozu laguntza. Egoeraz jabetzeko, ludopatak muturreko egoeran ikusi behar du bere burua eta hondoa jo behar du, baina hortik hasiko da bidea egiten. Horrez gain, berriz ez erortzeko eta tentazioak saihesteko bitartekoak bilatu behar ditu".

 

Lekukotza II: "Nire bizitza horixe zen: apustua, apustua eta apustua"

Izen-abizenak. Enekoitz Aizpuru. Adina. 44 urte. Herria. Azpeitia.

"17 urte inguruekin hasi nintzen jokoan. Tabernan elkartzen ginen lagunak eta kartetan jokatzen genuen. Ez genituen apustu handiak egiten, baina kafearen ordua lagunekin disfrutatu beharrean, kartetan jokatzea eta apustuak egitea besterik ez nituen buruan. Horrez gain, tabernetan zeuden bingoen makinetan ere jokatzen nuen, eta hura izan zen nire menpekotasunaren hasiera. Gerora, lagunak kasinora joaten hasi ziren, nik ere probatu nuen, eta zeharo katigatu nintzen. Garai hartan, futbolean jokatzen nuen, eta entrenamenduetara joateari utzi nion. Edozein aitzakia bilatzen nuen kasinora joateko. Orduan hasi zen nire menpekotasuna indartzen, eta orduan hasi ziren ondorio ekonomiko gogorrak azaleratzen. Jokatzeko beharra sentitzen nuen, eta geratu ezinezko gurpil batean sartu nintzen.

Behinola, familiak jakin zuen zer arazo nuen; egoerari buelta eman ezin nion eguna iritsi zen. Ordurako ezkonduta nengoen, eta gau batean ez nintzen etxera itzuli. Goizeko laurak jo zuten, eta jokoan ari nintzen tokira etorri ziren arreba eta osaba. Orduan erabaki genuen zerbait egin behar genuela. Tratamenduan hasi nintzen, baina ez nuen menpekotasuna alboratu. Epe motzean, inguruko guztiak gustura uzten nituen, baina gero berriz itzultzen nintzen jokora.

Tratamenduan nengoela, 2005. urtearen inguruan, jakin nuen kirol apustuen makinak jarriko zituztela tabernetan, eta nire burua berriz aktibatu zen; banekien makinak jartzen zituztenean, jokoan hasiko nintzela. Eta halaxe izan zen. Kirolaria izan naiz, eta kontrolatzen dut arlo hori. Beraz, uste nuen kirol apustuak nire alde egongo zirela. Irabazi edo galdu, ordea, hurrengo egunean jokatzeko beharra izaten nuen; irabazten banuen, gehiago irabazi nahi nuelako, eta galtzen banuen, galdutakoa berreskuratzeko.

Garai hartan, familiaren enpresan lan egiten nuen, eta honako hau zen nire egunerokoa: 07:30erako joaten nintzen lanera, baina hara sartu baino lehen apustu batzuk egitera joaten nintzen tabernara. Aurreko gauean pentsatuta izaten nuen goizean makinan apustua egin behar nuela. Apustua eginda ere, nire buruan ez zegoen beste konturik: goizeko apustua nola atera zen pentsatzen egoten nintzen enpresan, eta edozer aitzakia bilatzen nuen handik atera eta begiratzeko; eguerdian, bazkaldu eta beste apustu bat egiten nuen; gainera, garai hartan, korrika ibiltzen nintzen, baina lasterka egin beharrean, tabernara joaten nintzen apustua egitera. Nire bizitza horixe zen: apustua, apustua eta apustua.

Familiak kontu korrontea kontrolatzen zidan, berriz ez nezan jokatu, baina jokalariok beti bilatzen dugu dirua lortzeko modua. Nire esku zegoen guztia egiten nuen horretarako: jendea manipulatzen nuen edo nire gurasoen lantokian dirua lapurtzen nuen, esaterako.

Jabetu, aspaldi jabetu nintzen jokoarekin arazoa nuela, baina uztea asko kostatu zitzaidan. Duela bi urte egin nion benetan jokoari uko. Terapian nengoen, baina ordura arte ez nuen sinesten han esandako zenbait gauza; neuk ere zenbait kontu kontatu gabe utzi nituen. Uste nuen jokoa kontrolatzen nuela, baina terapian hasi eta bederatzi hilabetera berriz erori nintzen. Euro batekin hasi, eta lehengora itzuli nintzen. Azaroaren 29an bi urte bete dira azkenengoz jokatu nuenetik. Azaroaren 29 hartan, terapeutaren bulegoan zeuden emaztea eta izeba, seme gazteenaren urtebetetzea zen, baina egun hartan ere ezin izan nion tentazioari eutsi. Emazteak etxetik bidali ninduen, eta orduan egin zuen nire buruan klik. Orduan utzi nuen jokoa.

Hilabetez ingresatu ninduten zentro batean, eta ondorengo zortzi hilabeteak Donostiako tutoretzapeko pisu batean eman nituen. Lau pertsona bizi ginen etxe hartan, eta terapia eta beste ekintza batzuk egiten genituen han. Familia ikusi gabe egon nintzen tarte batean, eta gogorra izan zen hura, bai niretzat, baita familiarentzat ere.

Orain, errehabilitazioaren azken fasean nago, baina badakit gaixotasun hau bizitza osorako dela. Oso ondo aurkitzen naiz, eta  trebatzen ari naiz. Lehen, ez nituen barruko sentimenduak azaleratzen, eta zerbait gertatzen bazitzaidan, horiei ez nien aurre egiten. Orain, arazo bat izanez gero, ingurukoekin edo terapeutarekin partekatzen dut. Horrez gain, egoitzetan adinduak zaintzeko ikastaro bat egin nuen iaz, eta hori aurrerapauso handia izan zen niretzat. Izan ere, bizitza osoan guztia eginda eta eskura izan dut, eta autoestimua igotzeko baliagarria izan zen ikastaro hori.

Jokoaren erruz, ondorio ekonomiko latzak eragin ditut, baina horrez gain, duintasuna ere galdu izan dut. Izan ere, gauza ikaragarriak egin ditut. Ingurukoei ere min izugarria egin diet, eta harremanak ere galdu izan ditut. Sentitzen dudana da 25 urte alferrik galdu ditudala jokoarengatik. Dena den, orain ondo nago, baina herrian apustu etxea zabaldu duten honetan, badakit nora ez dudan joan behar. Badakit leku hori pizgarri indartsua dela niretzat, eta, beraz, jakin badakit saihestu egin behar dudala. Apustu etxeei dagokienez, ordea, nire iritzia honako hau da: nahiago nuke halako gunerik ez balitz egongo, baina aukeran, nahiago dut halako makinak apustuetarako guneetan soilik egotea, eta ez tabernetan. Tabernetatik kenduko nituzke makina guztiak, edozein lekutan baitago jokatzeko aukera. Apustu etxeetan, kasinoetan bezala, norberak bere buruari sarrera debekatzeko aukera eskaini behar lukete. Dena den, ulertezina da apustu etxeak jolas parkeetatik eta ikastetxetatik gertu jartzea, Azpeitian egin duten bezala".

Lekukotza III: "Gertukoenek motxila handia eramaten dute soinean"

Izen-abizenak. Mirari Bereziartua (Enekoitz Aizpururen izeba). Adina. 69 urte. Herria. Azpeitia.

"Gertutik jarraitu dut nire iloba Enekoitzen gaixotasuna. Hasieratik, familiaren laguntza izan du hark, eta kide bakoitza aldi desberdinetan egon da horretan. Etsipenak jota, neuk ere laguntzea erabaki nuen, eta Enekoitz sendatzen ikusi dut. Hain zuzen ere, ikusi dudanagatik esan dezaket menpekotasun horretatik irteten dela, baina bizitza osoan zaindu beharreko kontua dela.

Iloba gaixo zegoen bitartean, ariketa moduan honako hau proposatzen nion: 'Esaidazu jokatu duzula, eta astebetera argitu iezadazu egia zen edo ez esandakoa'. Jauzia eman zezan nahi nuen, baina inoiz ez zen gai izan ariketa onartzeko ere.

Menpekotasuna duten pertsonek izugarrizko abilezia dute jendea manipulatzeko eta dirua lortzeko. Ez daukanari ere dirua ateratzeko modua bilatzen dute beti. Gaixo horien ezaugarrietako bat izaten da duten mendekotasuna ezkutatzea, eta gertukoak ez diren pertsonei eskatzen diete dirua. Beraz, kanpokoek jakiten dute pertsona horrek jokatu egiten duela, baina horiek ez dute nahikoa konfiantza ludopataren gertukoei esateko. Horrek arazoa asko korapilatzen du; izan ere, gertuko jendea izan ohi da gertatzen denaz gutxien dakiena. Gero, jakiten duzunean, gainera, harremana zaildu egiten da; ez duzu konfiantzarik pertsona horrekin. Halakoetan, gaixoa eta gaiztoa bereizten ditut nik. Gaixo zaudenean ez bezala, gaizto zaudenean arazoa ezkutatu egiten duzu.

Nire ilobak abilezia eduki du guztiei gain hartzeko, beharrak horretara eraman duelako. Gaixoak, gainera, oso harro egoten dira behea jotzen ez duten bitartean; gaiztotik jokatzen dute, eta hondoa jotzen dutenean ohartzen dira benetan duten arazoaz. Orduan hasi zen Enekoitz egoerari buelta ematen. Eman beharreko lehenengo pausoa arazoa onartzea da, baina asko kostatzen da hori egitea. Norberak ez badu onartzen gaixo dagoela, ez da ezer konponduko. Egindakoa onartzen eta kalteez jabetzen jakin behar du, ondoren aldaketak egiteko eta horiez gozatzen jakiteko.

Ingurukoei karga handia sortu zien Enekoitzen egoerak. Lotsa eta beldur handia sentitzen genituen, gaizki ikusita geundenaren susmoa genuelako. Izan ere, gizartean biziotzat hartzen da gaitza. Gaixoentzat ez ezik, ondorioak handiak dira ingurukoentzat ere, eta haren gertukoenek motxila handia eramaten dute soinean. Gaixoak, oro har, medikamentuen bidez sendatzen dira, baina ludopaten kasuan ez dira sendagaiak behar, terapiak baizik. Norbere burua gutxietsi eta kanpoko magian sinesten duten pertsonak dira jokoarekiko menpekotasuna dutenak; daukatena ez dute onartzen eta ondorioak ez dituzte neurtzen. Horregatik, terapiek balio dute norbere buruarekin beste harreman bat izateko eta berriz ibiltzen ikasteko. Erronka hori oso gogorra izaten da, baina merezi du saiatzea.

Terapietan, gaixoek ez ezik, senideok ere parte hartzen dugu, eta izugarrizkoa da han gertatzen dena. Bakoitzak barruan daukana hustu egin behar du, eta hori beste batzuen aurrean egitea asko kostatzen da, baina oso lagungarria da. Barrukoa ez bada ateratzen, ezin da garbitu. Askotariko pertsonak joaten dira hara, ez dago profil jakinik, unibertsitate bat da hura; bizitzaren jakinduria ematen dute zentroan. Miresgarria da ikustea arazoei nola egiten dieten aurre. Izan ere, terapietan bere osotasunean hartzen da gaixotasuna, eta kontraste sanoa izaten da gaixoek eta horien senideek esaten dutena entzutea, bakoitzak bere bertsioa izan baitezake.

Ludopatia ez da arazo pertsonala, herri eta kolektibo oso baten ardura da, elkar-eraginez garatzen garelako. Herri baten osasuna da bete beharreko lehenengo gauza, eta beraz, horren erantzukizuna kolektiboa da. Jokorako joera goraka doa, eta osasun arazo handiak daude jokoaren bueltan. Serio hartu behar dugu arazoa, guztiongan eragiten duelako. Nik ez daukat gaixotasun hori, baina bai herriaren osasunarekiko erantzukizuna".

 

Julen Santamaria: "Ezin dugu ahaztu ludopatia gaitz kronikoa eta hilkorra dela"

"Menpekotasuna daukat, baina dagoeneko hamalau urtetik gora daramatzat kontsumitu gabe". Hala aurkeztu du bere burua Julen Santamaria (Donostia, 1971) Virtuss Adicciones zentroko zuzendariak. Hain zuzen ere, orain urte batzuk laguntza behar izan zuen pertsona hori mendekotasuna duten gaixoei laguntzen aritzen da gaur egun. Argi du: jokoarekiko menpekotasuna duten pertsonen kopuruak nabarmen egin du gora.

Jokoarekiko menpekotasuna duten pertsonekin nolako lanketa egiten duzue?

Kostatu egiten da menpekotasuna duen pertsonak tratamendua hastea, hori bera ere prozesu bat da. Horixe da ematea gehien kostatzen zaien pausoa. Behin tratamenduan hastea onartzen dutenean, lehen saioetan, gaixotasuna duen pertsona horri azaltzen diogu zer den menpekotasuna, zer den ludotapia edo joko patologikoaren gaixotasuna, zer ondorio dituen... Pertsona horrek duen menpekotasuna onartzeaz eta aurrera egiteko gogoa izateaz gain, oso garrantzitsua da tratamenduan familia ondoan izatea, bai jarraipena egiteko, bai babesteko, nahiz eta gero gaixoak egin behar duen benetako lana.

Zeintzuk dira tratamenduaren gakoak?

Menpekotasunei aurre egiteko tratamendu guztiak oso antzekoak izaten dira, eta prozesua luzea izaten da. Ludopaten kasuan, beraientzat droga dirua denez, kendu egin behar izaten zaie. Horrez gain, beraien inguru sozialetik aislatu behar dira gaixoak, familiari zer egin dezakeen eta zer ez esan behar zaio, talde terapiak egin behar dira, baita jarraipen pertsonala ere.

Familiekin nola lantzen duzue arazoa?

Familiek ulertu behar duten lehen gauza da ludopatia gaixotasuna dela eta bere senidea ez dela gizagaldu bat. Badirudi jokoarekin arazoak dituen pertsona eta kontrolatzen ez duena degeneratu bat dela, baina hori gizarteak jarritako etiketa bat da. Pertsona horiek gabeziak dituzte, disfuntzionalak dira, eta familiek horiekin aritzeko gaitasunak galtzen dituzte, gaixoaren desastreen konplize bihurtzen baitira oharkabean. Mendekoa den pertsona horren jarrera elikatzen dute senideek, zorrak kitatuta, egiten duena estalita... Gezurraren eta manipulazioaren espiralean sartzen dira.

Noiz da pertsona bat ludopata?

Pertsona batzuek areagotzen joaten den gaixotasun neuronal kroniko bat dute izatez, eta jokoan aritzen diren pertsonen ehuneko jakin batek garatu egiten du gaitza. Noski, bizitzan behin jokatzen duen pertsona ez da ludopata. Baina alkohola bezala, hain dago banalizatuta jokoa... Mendekotasunez betetako gizarte batean bizi gara, eta esaten dute erregulatuta dagoela, baina hori ez da horrela. Izan ere, 15 urteko nerabe batek erre, edan eta jokatu egiten du, nahi duena egin dezake. Zer gertatzen da pintxo-poteoarekin? Harritu egiten al zaitu zure seme-alabek kalean boteiloia egiteak? Bere gurasoak ikusi ez ditu ba kalean lagunekin garagardoa edaten! Muturrera eramandako adibidea da, baina...

Menpekotasuna duten pertsonak nola iristen dira zuengana?

Kasu gehienetan, oso gaizki. Lur jota iristen dira afektiboki, ekonomikoki, sozialki, lanari dagokionez... Hona iristerako, arazo oso potoloak izaten dituzte; izan ere, normalean, hasieran, norbera saiatzen da arazoari irtenbidea ematen. Halakoetan, ordea, arazoa txikiagotzen dute autoengainuaren bidez, laneko arazoekin edo antsietatearekin mozorrotzen dute menpekotasuna... Hori guztia kontsumoaren eragina da. Behea guztiz jo arte oso zaila da pertsona horiek aurrera egitea. Ludopaten kasuan oso garrantzitsuak dira medikuen jarraipena eta jarraipen psikologikoa, oso egoera zahurgarrian izaten direlako, antsietate kuadro oso handia izaten dutelako eta edozein emozio kudeatzeko zailtasunak izaten dituztelako. Menpekotasuna duten pertsonak, normalean, manipulatzaileak eta gezurtiak izaten dira; ludopatak are gehiago.

Zergatik diozu hori?

Kokainazaleek edo alkoholikoek baino gezur gehiago esaten dituzte ludopatek, jokoarekiko menpekotasuna den modukoa delako. Estrategak izaten dira, beren bizitza joko iraunkor bat da, eta oso ohituta daude gezurrak esatera. Gezurra bera beste patologia bat da.

Errepikatzen al da ezaugarririk gaixoetan?

Bai, gezurrak, manipulazioa, sintomak, eraginak, bizitza bikoitza... Gainera, ludopaten ehuneko handi batek drogak ere kontsumitzen ditu. Horiek zabaltzen diete jokorako atea.

Azken urteotan igo egin al da jokoarekiko menpekotasuna duten pertsonen kopurua?

Bai, eta kopurua ez ezik, aipatzekoa da jokoan hasten direnen adina: orain, askoz ere lehenago hasten dira gazteak jokatzen. Nerabezaroan apustuekin hasten dira, eta hori gertatzen da arrisku pertzepziorik ez dutelako. Gazteek jokoa ez dute arriskuarekin lotzen; izan ere, jokoarekin arazoak dituen pertsona makina txanponjaleekin lotu izan da, bingoarekin, kasinoarekin... Baina horiek lehengo kontuak dira. Gaur egun, kirol apustuak horiek adinako arriskutsuak dira; gaztetxoek esku-eskura dituzte Interneterako sarbidea, makinak, mugikorrak... Basakeria bat da; adibidez, pilota partida bat ikustea nahikoa da lau apustu etxeren publizitatea jasotzeko. Mezua nahi gabe sartzen digute.

Apustu etxeek indar handia hartu dute.

Bai, eta horien gorakada jokorako eskaintzen duten erraztasunak eragin du. Medikuek diote menpeko bihurtzeko aurretiazko joera genetikoa dutela herritarren %15ek, eta horri arrisku faktoreak gehitu behar zaizkio. Adikzioak saihesteko gakoa prebentzioa da.

Nola lortzen dute jendea jokora erakartzea?

Joko enpresak industria bat dira, eta begi bistarako oso kanpaina ikusgarriak egiten dituzte. Ikusi besterik ez dago non zabaltzen dituzten joko aretoak, zer mezu zabaltzen dituzten, nola zirikatzen dituzten herritarrak... Zerbait dibertigarria bailitzan saltzen dute jokoa, agian aberastu egingo zarela esaten dizute, eta gainera, hori guztia Rafa Nadal eta Cristiano Ronaldo bezalako pertsona erreferenteek esaten badute... Ez dakit nola ez duten esku-hartzerik egiten. Drogomenpekotasunari lotutako politika oro aldatu beharko litzateke, baina egin daiteke eta egin beharko dute, gizarteko arazo handi bat delako eta harago joaten ari delako. Egia esan, osasun sistemak ez dakit nola jasan beharko duen gertatzen ari dena; jende ugari egongo da gaizki, eta tratamendua beharko du, bestela hil egingo delako. Ezin dugu ahaztu horretaz ari garela hizketan: gaixotasun kronikoa eta hilkorra da ludopatia.

Errehabilitatutako ludopata batek nola saihes dezake apustuen tentazioa?

Benetan errehabilitatu den pertsona batentzat ez da tentazioa. Pertsona horrek onartu du arazoa, eta indiferentzia sentitzen du eskaintza horrekiko. Noski, alderik zailena da eguneroko bonbardaketa jasatea. Gaixoarentzat unerik gogorrena da profesional batek zentro batean ingresatzeko esaten diona; izan ere, mundua erortzen zaio gainera, eta ingurukoek jakingo dutela eta zeinen gaizki dagoen pentsatzen hasten da. Baina, finean, horixe da errazena, mikromundu batean sartzen zarelako, eremu hori ez delako errealitatea eta oso babestuta zaudelako. Zailena gizartean egotea, bizitza ona izatea eta kontsumitu gabe zoriontsu izatea da.

Egun droga "gogorrekiko" menpekotasunearekin alderatzen da jokorako adikzioa.

Niretzat ez dago droga gogorrik eta bigunik; drogak legalak eta legez kanpokoak dira. Zuk badakizu erretzen, edaten, esnifatzen edo jokatzen ari zarela, baina zure garunak ez du bereizten. Dependentzia garatu duten pertsonek jasaten dituzten ondorioak antzekoak dira, pertzepzioa bera da. Horrekin zerikusi handia du estigma sozialak, etiketak jartzen direlako. Gaur egun, ordea, asko aldatu dira menpekotasuna duten pertsonen profilak: mendekoa den pertsona ez da 70eko hamarkadan lurrean etzanda zegoen heroinazalea. Orain edozein substantzia kontsumitzen duen pertsona edo ludotapa ezin hobeto txertatuta dago gizartean. Baina arazo bat dauka.