Apustu etxeen kontrako borrokak ez du etenik

Uztarria.eus 2018ko abe. 15a, 21:06

Ez Azpeitian eta ez beste inon apustu etxerik nahi ez dutela aldarrikatu dute gaur Balentina Agirre plazan dagoen apustu etxearen parean egindako elkarretaratzera bertaratu diren lagunek. Elkar-ekin taldeak deitu du kontzentrazioa, eta lan-eremu ezberdinetan aritzen diren Azpeitiko hamazazpi taldek bat egin dute kontzentrazioarekin. Horiek guztiek bat egin dute Elkar-ekinek plazaratutako adierazpenarekin. 

Hamar urte igaro dira Reta enpresak Bilbon lehen lokala ireki zuenetik, eta orduztik beste 56 lokal ireki ditu Espainiako hainbat txokotan. Apustu etxeez gain tabernetan eta jatetxetan ere baditu makinak Reta enpresak. Elkar-ekinen arabera, 2.500 terminal –apustuak egiteko makinak– ditu ezarrita Retak jatetxe zein tabernetan. Gainera, apustuen merkatuan enpresa handiak sartu direla nabarmendu du elkarretaratzea sustatu duen taldeak. "Enpresa handi horiek beti aterako dira irabazten". 

Elkarretaratzearen deitzaileen hitzetan, krisi ekonomikoa hasi zenetik "asko" hazi da apustuen merkatua Espainian: "Eusko Jaurlaritzaren arabera, Eusko Autonomia Erkidegoan 340 milioi euro gastatu ziren apustuetan 2017. urtean, 2016an baino %10 gehiago eta eta 2012an baino %113 gehiago. Enpresa hauek 46 milioi euroko irabaziak izan zituzten, 2016an baino %13 gehiago eta 2012an baino %80 gehiago. Zazpi urtean biderkatu egin dira Eusko Autonomia Erkidegoan egindako apustu kopuruak eta 2017an 36 milioi izan ziren". Horren harira, apustu etxeak sistema kapitalistaren logikaren barruan ulertu behar direla adierazi dute: "Enpresen irabazien itzalean daude apustuetan dirua galtzen duten herritarrak, apustu etxeek hainbeste diru irabazi izanak jendeak beste hainbeste galdu duela esan nahi baitu. Prekarietatea eguneroko ogia den honetan, asko dira diru gehigarri baten bila apustuetara jotzen duten herritarrak. Ez da kasualitatea apustu etxeak langile auzoetan kokatu izana. Apustua ez dela errenta dio esaerak, baina gutxi batzuk errenta handiak pilatzen ari dira azkenaldian".

Horrez gain, Elkar-ekinek salatu du apustu etxeek "mendekotasuna sortzen duten teknikak" darabiltzatela dirua irabazteko, nahiz eta "joko arduratsua" sustatzen dutela esan: "Abiadura da egungo apustu moduaren ezaugarri nagusietako bat. Apustu bat amaitu orduko egin dezakegu bestea, eta kasu askotan apustu bat galtzean berehala berreskuratu nahiko dugu galdutako dirua, amaierarik ez duen zurrunbilo batean sartuz".

Elkar-ekin taldeak sustatu du apustu etxeen kontrako kanpaina herrian. Talde horrek duela bost hilabete inguru hasi zuen apustu etxeen kontrako borroka, eta orduz geroztik asko izan dira herrian antolatutako mobilizazioak, ekimenak eta hitzaldiak, apustu etxeen afera herriratzeko eta jendea kontzientziatzeko helburuarekin. Negozioaren kontra abiatutako ekimenen artean, sinadura bilketa egin zuen Elkar-ekinek. Hilabete pasatxon 1.636 herritarrek sinatu zuten apustu etxearen aurka. Horrez gain, gaia aztertzeko bi hitzaldi antolatu zituen Elkar-ekinek, eta herritar ugari bertaratu zen solasaldi horietara. Orain arte egindako lanak fruituak eman dituela uste du taldeak, eta esan du horren adibide dela Azpeitiko apustu etxean beste zenbait herritan baino "jende gutxiago" ibiltzea.

Apustu etxeen borrokarekin jarraitzeko prest daude Elkar-ekin taldeko kideak, eta ekimen berri baten berri eman dute gaurko elkarretaratzean. Urtarrilaren 17tik martxoaren 14ra bitartean, ostegunero, elkarretaratzea egin nahi dute apustu etxearen aurrean. Hori posible izan ahal izateko 45 lagun ingururen parte hartzea beharko dutela aurreikusten du Elkar-ekinek. Horregatik, herritarrei dei egin die beren alea jar dezaten.

Basanderiek talde feministak, LAB, ELA eta CNT sindikatuek, EH Bilduk, Sortuk, Orkatz kultur elkarteak, Ernai gazte antolakundeak, Ilunpe pilota elkarteak, Ikasberri kirol elkarteak, Azpeitiko Gaztetxiek, Erniarraitz bertso eskolak, Khamar Sahararen aldeko taldeak, Marea Arroxa festa batzordeak, Urrestillako festa batzordeak eta XJ Auzolanean Sanjuandegiko auzo elkarteak babestu dute Elkar-ekin taldeak deitutako hitzordua.