Jende ugari bildu da 'Oroimena ez da delitua!' jardunaldietan

Uztarria.eus 2019ko ots. 17a, 14:31

Errepresioaren kontrako Oroimena ez da delitua! jardunaldiak egin dituzte asteburuan Gaztetxean. Eskualdeko 631CP Urola Firm taldeak, Azpeitiko Gaztetxeak eta Ikasle Abertzaleak antolakundeak prestatu dituzte ekintzak elkarlanean, arrazoi eta helburu berak bultzatuta. Jardunaldietan zehar errepresioa salatu ez ezik, errepresioa jasan duten ikasleei eta gazteei –tartean, iaz Azpeitian atxilotu zuten gazteari– babesa agertu diete egitasmoa antolatu duten eragileek. Jardunaldietan irabazitako dirua iaz atxilotu zuten eta epaiketaren zain dagoen Zestoako gaztearen gastu ekonomikoei aurre egiteko izango da. Zestoako Gaztetxeak ere bat egin du egitasmoarekin. 

Ostiralean hasi zituzten jardunaldiak, Azpeitiko eta Zestoako ikasleek egin zuten elkarretaratzearekin.  Atzo, aldiz, errepresioa jasan duten arlo ezberdinetako hainbat eragileren arteko mahai ingurua eta kontzertuak izan ziren Gaztetxean. Mahai ingurua 17:00etan hasi zen, eta bertan izan ziren Tolosaldeko Autodefentsa Sareko, Gernikako Eztenako eta Indar Gorriko kideak, beren esperientziak kontatzen.

Mahai inguruaren hasieran, sarrera bat egin zuten Oroimena ez da delitua! jardunaldiak zergatik antolatu dituzten gogoraraziz. Iaz atxilotu zuten eta oraindik epaiketaren zain dagoen Zestoako gazteak hartu zuen hitza gero, berari zer gertatu zitzaion azaltzeko. Hark jakinarazi zuen 2017ko Gudari Eguneko ekitaldi baten parte hartzeagatik atxilotu zutela, eta biktimak iraintzea eta terrorismoa goratzea leporatzen dizkiotela. 

Ondoren, mahai inguruan izan zen eragile bakoitzak zer lan egiten duen azaldu zuen; besteak beste, zer lan ildo duten eta zer logikarekin funtzionatzen duten. Tolosaldeko Autodefentsa Sareak gaur egun ikasle mugimenduan dihardu, Eztenak gazte mugimenduan, eta Indar Gorrik futbol eremura eramaten ditu bere aldarriak. Haietako bakoitzak jasan dituen errepresio kasuak zein diren azaldu zuen, hau da, beraien jarduna oztopatzeko jarri dizkieten zigorrak zein izan diren. Horrez gain, jasandako errepresioa zer logikaren barruan kokatzen duten eta horretaz zer irakurketa politiko egiten duten ere azaldu zuten.

Hainbat ondorio atera zuten mahai inguruan bildu ziren herritarrek: hain zuzen ere, errepresio mekanismo asko daudela ikusi zuten, eta errepresioaren aurrean, autodefentsa antolatu behar dela eta horretarako zer egin daitekeen izan zuten hizpide. Besteak beste, modu nazionalean antolatu eta elkar laguntzeko antolaketa ereduak aipatu zituzten.

Gauean, jardunaldiei amaiera emateko, hiru musika talde igo ziren Gaztetxeko oholtzara: 1312 Zubizarreko Zaratak, Bake Faltsua eta Aurrez Aurre. Jende ugari bertaratu zen kontzertuak ikustera.