Aske utzi dute Guardia Zibilak gaur Azpeitian atxilotu duen gazte zestoarra

Uztarria.eus 2018ko eka. 28a, 18:12

Terrorismoa goratzea egotzita atxilotu dute, eta ordu batzuetan Gasteizko kuartelean atxikita izan ostean, aske utzi dute. Beste bi lagun ere atxilotu ditu Guardia Zibilak, Espainiako Auzitegi Nazionalak agindutako operazioaren barruan. Atxiloketa salatzeko Azpeitiko Gaztetxeak eta Ikasle Abertzaleakek elkarretaratzea deitu dute 18:30ean plazan. Zestoan, berriz, elkarretaratzea egingo dute 20:00etan.

Aske utzi berri dituzte –16:00ak aldean– gaur goizean terrorismoa goratzea egotzita Guardia Zibilak atxilotu dituen hiru lagunak; tartean, Azpeitian atxilotu duten gazte zestoarra. Atxilotu ostean, hiru lagunak Gasteizko kuartelera eraman ditu Guardia Zibilak, eta ordu batzuetara aske utzi dituzte.

EFE berri agentziaren arabera, hiru lagun horiek terrorismoa goratzea eta biktimak umiliatzea egotzita atxilotu dituzte, eta "gazte mugimenduko kideak" dira; hain zuzen ere, 2017ko Gudari Egunari lotuta eta Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz egin du operazioa Guardia Zibilak. Azpeitian atxiloketaz gain, Gasteizen eta Etxarri-Aranatzen (Nafarroa) jazo dira beste biak. Gainera, Gasteizko EHUren Farmazia, Gizarte Langintza eta Letren fakultatea mihatu du poliziak. Polizia operazioa zabalik dagoela jakinarazi du Espainiako Auzitegi Nazionalak.

Atxiloketa salatzeko elkarretaratzea deitu dute Azpeitian zein Zestoan. Azpeitiko Gaztetxiek eta Ikasle Abertzaleakek deituta, 18:30ean egingo dute kontzentrazioa Azpeitiko plazan. Handik Zestoara joateko deia egingo dute. Zestoan 20:00etarako elkartuko dira herrikideari babesa agertzeko eta atxiloketak salatzeko. Azpeitiko Gaztetxeko Garagardo Festa ez da irekiko kontzentrazioa amaitu arte. Zestoako EH Bilduk atxilotuak askatzeko eskatu du, eta herritarrei arratsaldeko elkarretaratzean parte hartzeko deia egin die. "Espainiar indar polizialak Euskal Herritik kanporatzeko garaia da!", azaldu du Twitterren Zestoako koalizioak. Azpeitiko Sortuk atxilotuak lehenbailehen askatzea exijitu du, eta gaur arratsaldean Zestoan egingo duten elkarretaratzera joateko deia egin die herritarrei.