Errepresio kasuak salatu dituzte Azpeitiko eta Zestoako dozenaka ikaslek

Uztarria.eus 2019ko ots. 15a, 15:05

Errepresioaren kontrako Oroimena Ez Da Delitua! jardunaldien barruan, elkarretaratzea egin dute gaur, otsailak 15, Azpeitiko eta Zestoako dozenaka ikaslek, Sanjuandegiko biribilgunean. "Era guztietako errepresio kasuak" gaitzetsi dituzte, eta autodefentsarako deia egin dute. Era berean, babesa agertu diete 2017ko Gudari Eguneko ekintza baten harira iaz Azpeitian atxilotu zuten gazte zestoarrari. Operazio hartan jazotakoa izan dute gogoan, eta horren harira, errepresioaren aurrean "elkartasuna antolatzeko beharra" azpimarratu dute: "Argi dugu iazkoa ez dela Euskal Herriko militantzia politikoaren aurkako eraso isolatu bat, aurretik antzerako kasuak gertatu baitira eta gertatuko baitira. Beraz, gure eginbeharra eraso hauek salatzea eta erasotuei elkartasun aktibo bat adieraztea da". Horrez gain, bihar Azpeitiko Gaztetxean izango den mahai ingurura eta kontzertuetara joateko deia egin dute Azpeitiko Ikasle Abertzaleak antolakundeko kideek. 

Elkartasuna Orixe ikastetxeko ikasleei

Salaketa egiteko ez ezik, elkartasuna helarazteko ere aprobetxatu dute gaurko elkarretaratzea Azpeitiko ikasleek. Izan ere, argazkia aterako dute Tolosako Orixe ikastetxeko ikasleei elkartasuna agertzeko, Eutsi Orixe! Indarrak batuz lortuko dugu! lelopean. 

Tolosaldeko Autodefensa Sareak (TAS) Tolosako Orixe ikastetxeko ikasleen ebaluazio irizpideak aldatzeko borroka abiatu zuen duela aste batzuk. TASek salatu duenez, Orixeko ikasleek dinamika hori martxan jarri zutenetik zuzendaritzaren zein irakasleen "mehatxuak, zigorrak eta oztopoak" jasan dituzte. Hori dela eta, Azpeitiko ikasleek bat egin dute Tolosaldeako Autodefentsa Sareak Orixeko ikasleen alde otsailaren 22rako deitu duen mobilizazioarekin. "Ezinbestekoa deritzogu hezkuntza esparruan ematen diren eraso ezberdinen aurrean erantzuteko zein ikas baldintzak hobetzeko indarrak batzea, horrek sortzen duelako erasoak eteteko zein aldarrikapenak gauzatu ahal izateko berme erreal bakarra", adierazi dute Azpeitiko Ikasle Abertzaleakeko kideek. 

Oroimena Ez Da Delitua! jardunaldien barruan bihar Gaztetxean izango den mahai inguruan parte hartuko dute TASeko kideek.

(Argazkiak: Azpeitiko Ikasle Abertzaleak)