Pumorik uztartutako bizitzak

Urola Kostako Hitza 2019ko urt. 24a, 12:44
Iñaki Aiertza, Beñat Arrue, Cesar Nieto, Javi Arkauz eta Aritz Artieda, Pumorin.

Gaur aurkeztuko dute 'Pumori, mendiaren alaba' dokumentala Soreasu antzokian. Estreinaldiak sortu duen ikusminaren erakusle, bitan emango dute: 21:00etan eta 22:30ean.

Duela urtebete, 2017ko urtarrilean, Pumori mendiko (7.161 metro, Nepal) gailurrera iritsi zen Alex Txikon mendigoizale lemoarra. 2001etik, ez zen euskal espediziorik egin Everest erraldoiarengandik gertu dagoen Himalaiako mendi horretara. Pumori igotzen ahalegindu zen Euskal Herriko azken espedizio hura gogora ekarri zuen Txikonek duela urtebeteko hartan: hango kideek erabilitako elastikoa soinean zuela argazkia atera eta sare sozialetan zabaldu zuen. Lemoarraren omenaldiak bidea egin du harrezkero, eta gaur, Azpeitiko Soreasun, Pumori, mendiaren alaba filma estreinatuko dute.

Hamar lagunek osatu zuten 2001eko udazkenean Pumorira joan zen espedizioa, eta horietako zazpi eskualdekoak ziren: Beñat Arrue eta Xabier Osinalde azpeitiarrak, Xabier Ostolaza eta Jon Odriozola zestoarrak, Iñaki Aiertza aizarnazabaldarra, Jexux Mari Errazu aizpurutxoarra, eta Benantxio Irureta aizarnarra. Cesar Nieto, Javier Arkauz eta Aritz Artieda nafarrek osatu zuten espedizio hura. Tontorra egiteko ahaleginean, bost lagun hil ziren: Arrue, Aiertza eta hiru nafarrak.

Tragedia hark markatutako espediziotik abiatuta egin dute gaur lehen aldiz jendaurrean emango duten lana, baina ez da haren kontakizuna soilik.

Gurutzatutako istorioak

2001eko espediziokideen oroitzapenak, Arruek Nepalen ezagutu eta gaur egun haren gurasoekin –Arantxa Gurrutxaga eta Pello Arrue– Aizarnan bizi den Suku Mayaren historia eta Alex Txikonek iaz 2001ekoen bide beretik egindako espedizioa uztartu dituzte dokumentalean. "Nik esango nuke dokumental oso-oso emozionantea dela, osagai oso interesgarriak uztartzen baititu: paisaia zoragarriak, mendiko igoeren emozioa, gazte batzuen abentura bidaiaren bizipenen poza, tristura, itxaropena Sukurekin, borroka, elkartasuna… denetik dauka", kontatu du Iban Gonzalezek (Arrasate, 1973). Baleuko ekoiztetxean egiten du lan Gonzalezek eta bera da Pumori, mendiaren alabaren zuzendaria eta gidoigilea.

Txikonek 2001eko espedizioa omentzeko "zerbait egin nahi" zuela dio Gonzalezek. Lemoarraren ekimenez abiatu zen dokumentalaren proiektua. Horrela azaldu du zuzendariak: "Alexek ezagutzen zuen Sukuren historia, Arantxarena eta Pellorena, eta zerbait egin nahi zuen. Baleukora etorri zen. Pentsatu genuen, batetik, omenaldia egiteko modu polita zela tontorra egitea; bestetik, mendizaletasuna bultzatzeko modua ere bazen; eta batez ere, kontzeptu sakonago bat jorratzeko modua, mendi handietan gertatzen den bizitzaren eta heriotzaren arteko harremanaren ingurukoa. Kasu honetan, gainera, heriotza batzuen ostean sortu den bizitzeko aukera ere hor dago, Sukurena; nolako elkartasuna eta eskuzabaltasuna erakutsi dituzten Arantxak, Pellok eta ingurukoek. Niretzat hunkigarria da senide horiek doluaren aurrean erakutsitakoa".

Espediziokideen familiekin hitz egin zuten, asmoa azaltzeko eta baimena eskatzeko. "Eta senide bakoitzak bere hutsunea eta mina bere erara eraman arren, denek eman ziguten baimena", azaldu du Gonzalezek.

Ikusmin handia

Estreinaldi bikoitza izango da gaur iluntzekoa, azkenean bi saiotan emango baitute dokumentala: 21:00etan eta 22:30ean. Izan ere, joan den astelehenean agortu egin ziren aurreikusitako emanaldi bakarrerako Interneten jarritako sarrera guztiak, eta bigarren emanaldi bat antolatzea erabaki zuten; 22:30eko saiorako sarrerak ere Interneten daude salgai, kulturaz.eus atarian.

Euskal Telebistaren laguntzarekin egin dute dokumentala. Otsailaren 7an emango dute telebistan, ETB1en. Baina horren aurretik filma 2001eko espediziokideen herrietan eta inguruetan ematea nahi zuten Txikonek eta Baleukok, "proiekzio-omenaldiak" izatea. Horrela, Azpeitiko estreinaldiaren ondoren emanaldi gehiago etorriko dira datozen egunetan; Lakuntzan, Etxarrin, Iruñean, Donostian eta Bilbon emango dute, besteak beste. Azpeitian ez ezik, beste herrietan ere sarrerak segituan ari direla saltzen dio Gonzalezek. Harrituta bezain pozik, horrek "herria jende horrekin nola dagoen" adierazten duela uste du filmaren zuzendariak.