'Pumori, mendiaren alaba' filmak bigarren emanaldia izango du ostegunean

Uztarria.eus 2019ko urt. 22a, 18:26

Pumori, mendiaren alaba filmaren estreinaldirako Internet bidezko sarrera guztiak agortu dira, eta horren ondotik prestatu du Kulturazek bigarren emanaldia. Ostegunean, 22:30ean emango bigarren saioa, eta emanaldi horretarako sarrerak eros daitezke sarean.

Pumori, mendiaren alaba filma ikusteko aurretiazko sarrera guztiak agortu ondoren, bigarren emanaldia antolatu du Kulturaz kooperatibak. Hain zuzen ere, ostegunean, lehenengo emanaldia bukatzen denean eskainiko dute bigarren saioa, 22:30ean. Emanaldi horretarako sarrerak dagoeneko salgai daude www.kulturaz.eus webgunean, eta egunean bertan, Soreasu antzokiko lehiatilan erosteko aukera izango da, 22:00etatik aurrera.

Ostegunean, 21:00etan izango da filmaren estreinaldia, eta Kulturazek atzo gauean jakinarazi zuen Internet bidezko sarrera guztiak agortu zirela. Dena den, etzi, estreinaldiaren egunean, beste 100 sarrera jarriko dituzte salgai, antzokiko lehiatilan.

2001ean Pumori mendira eginiko espedizioan hil ziren bost euskal mendizaleak omentzeko eta Suku Mayaren istorioa kontatzeko egin dute Pumori, mendiaren alaba, eta filmaren emanaldietako sarrerekin biltzen duten dirua SOS Himalaya elkartera bideratuko dute.