Agortu egin dira 'Pumori, mendiaren alaba' filma ikusteko Interneten jarritako sarrerak

Uztarria.eus 2019ko urt. 22a, 11:16

Beste ehun sarrera jarriko dituzte salgai etzi, emanaldiaren egunean bertan, Soreasu antzokiko leihatilan, 20:30etik aurrera.

Soreasu antzokia bete egingo da etzi, hilak 24, Pumori, mendiaren alaba filmaren estreinaldirako. 400dik gora sarrera jarri zituzten salgai osteguneko aurkezpenerako Kulturazen webgunean, eta atzo gauean iragarri zuen Kulturazek guztiak saldu dituztela.

Hala ere, izango da oraindik sarrerak erosteko azken aukera bat. Izan ere, etzi, estreinaldiaren egunean bertan, ehun sarrera jarriko dituzte salgai Soreasuko leihatilan. 21:00etan hasiko da filmaren emanaldia eta ordu erdi lehenago, 20:30ean, irekiko dute leihatila.

2001ean Pumori mendira eginiko espedizioan hil ziren bost euskal mendizaleak omentzeko eta Suku Mayaren istorioa kontatzeko egin dute Pumori, mendiaren alaba, eta filmaren emanaldietako sarrerekin biltzen duten dirua SOS Himalaya elkartera bideratuko dute.