Aitor Zulaikak Reala B taldea entrenatuko du berriz

Uztarria.eus 2019ko urt. 2a, 15:59

Klubak jakinarazi duenez, denboraldia amaitu bitartean gidatuko du azpeitiarrak Realeko gizonen bigarren taldea. Orain arte Reala C taldeako bigarren entrenatzailea izan da.

Joan den ekainetik Reala C taldeko bigarren entrenatzailea izan ostean, Reala B taldera egin du salto Aitor Zulaika azpeitiarrak. Klubak jakinarazi duenez, Realeko gizonen bigarren taldea zuzentzera itzuli da Zulaika, eta denboraldia amaitu bitartean izango da hango entrenatzailea.

Ez da lehenengo aldia Zulaikak talde hori gidatzen duena; iazko martxoan Realak Eusebio Sacristain entrenatzailea kargutik kendu zuenean, Zulaika hasi zen Reala B entrenatzen, eta denboraldi hartako hiru hilabete egin zituen talde horretan. Izan ere, ekainean Espainiako Hirugarren Mailan den Reala C taldeko bigarren entrenatzaile izatera pasatu zen azpeitiarra, eta han aritu da orain arte.

Hain zuzen ere, joan den astean klubak Asier Garitano Realeko gizonen lehen taldeko entrenatzailea kargutik kendu ostean, hainbat kargu aldaketa egin dute Realean. Horren ondorio da Zulaika taldez aldatu izana. Mikel Labaka azpeitiarrari ere eragin dio Realaren lehen taldeko entrenatzailea bota izanak. Izan ere, Realeko gizonen lehen taldeko laguntzaile teknikoa izango da Labaka aurrerantzean.