Atzo, igandea, jakinarazi zuen Realak Eusebio Sacristan entrenatzailea kargutik kendu zuela eta haren ordez Imanol Alguacil oriotarrak zuzenduko zuela taldea. Aldaketa horiek beste zenbait ere eragin dute, hala nola Alguacilen tokia, Reala B taldearen gidaritza, Aitor Zulaika azpeitiarrak hartuko du. Denboraldi bukaera arte ariko da azpeitiarra Realeko gizonen bigarren taldea zuzentzen.
Eusebio Sacristanekin batera utzi behar izan du taldea Juan Carlos de Andres bigarren entrenatzaileak. Dena den, talde teknikoko hainbat kidek jarraituko dute; tartean da Mikel Labaka azpeitiarra. Sacristanekin hirugarren entrenatzaile izan da Labaka, eta talde berrian bigarren entrenatzailea izango da azpeitiarra.