Aitor Zulaika Reala C taldeko bigarren entrenatzailea izango da datorren denboraldian

Uztarria.eus 2018ko eka. 27a, 18:02
Aitor Zulaika.

Iaz Reala B zuzentzen aritu zen azpeitiarra, Imanol Alguacil Realeko lehen taldeko entrenatzaile izendatu ostean. Gainera, Reala Bko eta jubenilen taldeko koordintzailea ere izango da azpeitiarra 2018-2019 denboraldian. Ibilbide oparoa du Zulaikak entrenatzaile lanetan.

Azken denboraldiaren zati bat Reala B zuzentzen aritu ostean, Espainiako Hirugarren Mailan den Reala C taldeko bigarren entrenatzailea izango da Aitor Zulaika (Azpeitia, 1978) datorren denboraldian. Sergio Francisco izango da entrenatzailea, eta harekin ariko da lanean. Gainera, Reala Bko eta jubenilen taldeko koordintzailea ere izango da azpeitiarra.

Zulaikak ibilbide oparoa du entrenatzaile lanetan. Lagun Onaken hasi zuen ibilbidea, eta zazpi denboraldi egin ostean, kirol zuzendari izatera pasatu zen. Ondoren, Sestao Riverren aritu zen bigarren entrenatzaile lanetan, eta Lagun Onakera itzuli zen ondoren. Handik Real Unionera egin zuen jauzi, eta joan zen denboraldian Realean hasi zuen ibilbidea; Reala B taldean, hain zuzen ere. Reala Bko bigarren entrenatzaile lanetan hasi zuen sasoi berria, baina Imanol Alguacil lehen taldeko entrenatzaile izendatu zutenetik denboraldia bukatu bitartean Realeko bigarren taldea zuzentzen aritu zen.