Euskal mendigoizaleen topaleku bilakatu zen atzo Azpeitia

Uztarria.eus 2018ko abe. 12a, 13:10

Euskal mendigoizaleen topaleku izan zen atzo iluntzean Soreasu antzokia; izan ere, TVEren 2. kateko Al filo de lo imposible telebista saioan parte hartu zuten hainbat mendizale eta Sebastian Alvaro proiektuaren sortzailea bertan izan ziren. Alvarok aitortza egin zien saioa grabatzeko espedizioetan aritu ziren 40 euskal mendigoizaleei; besteak beste, Soreasun izan ziren Juanito Oiarzabal, Juan Jose San Sebastian, Alberto Iñurrategi eta Josu Bereziartua azpeitiarra.

1982an eman zuten Al filo de lo imposible saioaren lehen atala, eta 2006an azkena. 300 saio baino gehiago eman zituzten urte guzti horietan, eta horiek grabatzeko ehundik gora espedizio egin zituzten. Alvarok azaldu zuenez, ez zuten espero programak hainbeste urte irautea. Kazetariak "oso eskertuta" dagoela adierazi zuen: "Nik inori ez diot eskatu eman didana baino gehiago emateko. Oso eskertuta nago bizitzari, ez hainbat espedizio egiteagatik, egin nituen eta hemen –Soreasun– dauden lagun onengatik. Atzera begiratuta, esan dezaket merezi izan zuela bizi izan genuen guztia bizitzeak".

Soreasu antzokian 300 bat lagun elkartu ziren atzoko omenaldian, eta Alvarok eskatuta, horiek minutuko isilunea egin zuten mendian hil diren euskal kirolarien oroimenez. "Oso gustura nago etorri diren denekin, baina hemen daudenen aurpegiak bidean gelditu ziren eta hemen ez dauden mendizaleenak dira", adierazi zuen hunkituta Alvarok. "Haiek ez ziren gu baino txarragoak edo gu ez ginen haiek baino ausartagoak, guk baino zorte txarragoa izan zuten, eta gu fidelak gara haiei", esan zuen Felix Iñurrategi, Txabi Iturriaga, Alberto Zerain eta beste hainbat mendigoizale gogoratuta. Dena den, Alvarok aurrera begirako mezua eman zuen hitzartzearen bukaeran: "Bizi izan genuena ederra izan zen, baina oraindik gauza asko ditugu bizitzeko".

Lagun Onak mendi bazkunak antolatutako Mendi Astearen barruan egin zuten aitortza, eta Sebastian Alvaro berak eta Jose Mari Azpiazuk orain gutxi argitaratu duten La vida en el limite de la vida liburuaren aurkezpen laburraz ere gozatu ahal izan zuten Soreasura bertaratutako herritarrek. Irudi ikusgarriekin osatutako bideo labur bat eman zuten liburuaren egileek, eta adierazi zuten liburuaren bigarren edizioa kaleratzear direla. Honako lotura honetan irakur daiteke Uztarria.eus-ek urriaren hasieran liburuaz egindako erreportajetxoa.

Ekitaldiaren bukatu aurretik, Azketa ahots taldeko kideek abesti bat kantatu zuten polonieraz, eta kanta amaitzean eskerrak eman zizkien Alvarok taldeko kideei. "Polonieraz abestu dute, nik miresmen handia diedalako Poloniako mendizaleei", azaldu zuen. Ekitaldiaren bukaeran agertokira igo ziren Aitor Unanue Lagun Onak mendi bazkunako lehendaria eta Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea, eta biek esker hitzak izan zituzten bai Sebastian Alvarorentzat, baita bertaratu ziren mendizale guztientzat ere.

Mendigoizaletasuna oinarri duten ikus-entzunezko bi lanek itxiko dute 2018ko Mendi Astea. Gaur, asteazkena, Kotoizko zaindariak film laburra aurkeztuko du Joseba Elustondo mendizaleak, 21:00etan hasita, Lagun Onak mendi bazkunaren egoitzan. Bihar, berriz, Aralar. Mundua leku den lurra izeneko film dokumentalaren emanaldia izango da Soreasu antzokian (21:00). Emanaldirako sarrera bost euro ordaindu beharko da.