Astelehenean hasiko da hitzaldiz eta ikus-entzunezko lanez jositako Mendi Astea

Uztarria.eus 2018ko abe. 5a, 15:25
Ainhoa Lendinez Pyrenees Slage Run proban. (Barren.eus)

Ainhoa Lendinezen hitzaldia, Al filo de lo imposible saioko euskal mendizaleei omenaldia, Joseba Elustondoren Kotoizko zaindariak ikus-entzunezkoaren emanaldia eta Aralar. Mundua leku den lurra dokumentalaren saioa antolatu dituzte aurtengo Mendi Asterako. Jose Mari Azpiazu azpeitiarrak eta Sebastian Alvarok argitaratu berri duten La vida en el limite de la vida liburua aurkezteko tartea ere izango da.

Ate joka dago Lagun Onak mendi bazkunak antolatzen duen Mendi Astea, eta dagoeneko jakinarazi dituzte aurtengo ediziorako prestatu dituzten ekintzak. Ohi bezala, goi mendizaletasunari lotutako hitzaldiak eta ikus-entzunezkoak izango dira protagonistak, baita lan horien egileak ere. Aurten, omenaldi bat eta liburu aurkezpen bat ere izango dira Mendi Astearen barruan. Astelehenean, hilak 10, ekingo diote prestatutako egitarauari, Ainhoa Lendinezen hitzaldiarekin. 

Lendinezek Pyrenees Slage Run proba egin zuen joan den abuztuan. 240 kilometro eta 15.000 metroko malda positiboa duen proba da Pyrenees Stage Run, eta zazpi etapa ditu. Esperientzia hark utzitako bizipenak elkarbanatuko ditu astelehenean Azpeitian eskainiko duen solasaldian. Lagun Onak mendi bazkunaren egoitzan eskainiko du hitzaldia Elgoibarko kirolariak, 21:00etan hasita. 

Asteartean, abenduaren 11n, Al filo de lo imposible saioan parte hartu zuten euskal mendizaleei omenaldia egingo diete Soreasu antzokian. Sebastian Alvaro proiektuaren sortzaile eta zuzendariak aitortza egingo die saioan parte hartu zuten euskal mendigoizaleei. Besteak beste, Soreasun izango dira Javier Alondo, Juan Jose San Sebastian, Edurne Pasaban, Juanito Oiarzabal, Juan Vallejo, Mikel Zabalza, Alberto Iñurrategi, Iker Pou, Eneko Pou, Josu Bereziartua, Alex Txikon, Iñaki San Vicente, Edu Etxeverria, Adolfo Medinabeitia eta Pitxi Eguillor, baita proiektuan parte hartu duten beste hainbat lagun ere. Ondoren, Sebastian Alvarok eta Jose Mari Azpiazu azpeitiarrak argitaratu berri duten La vida en el limite de la vida liburua aurkeztuko dute. Ekitaldia irekia eta doakoa izango da.

Mendigoizaletasuna oinarri duten ikus-entzunezko bi lanek itxiko dute 2018ko Mendi Astea. Asteazkenean, hilak 12, Kotoizko zaindariak film laburra aurkeztuko du Joseba Elustondo mendizaleak. Kotoizko zaindariak film laburra Joseba Elustondo eta Jon Garate mendizale elgoibartarren ametsei eta erronka pertsonalei buruzko ikus-entzunezkoa da, eta bi mendizaleek Patagoniako Cerro Torre mendian eginiko eskalada saioak jasotzen ditu. Hamasei minutuko film laburra aurkeztu ostean, Patagoniako mendi eta granitozko paretetan egindako igoeretan bizitako esperientziak kontatuko ditu Elustondok asteazkeneko hitzorduan. Emanaldi-solasaldia Lagun Onak mendi bazkunaren egoitzan izango da, 21:00etan hasita. Ostegunean, hilak 13, bukatuko da aurtengo Mendi Astea, Aralar. Mundua leku den lurra izeneko film dokumentalaren emanaldiarekin. Aralarreko natur eta kultur ondarearen leihoa da ikus-entzunezkoa, eta hausnarketarako zein gogoetarako bidea zabaltzen du. Soreasu antzokian eskainiko dute dokumentala, 21:00etan hasita. Sarrera bost euro ordaindu beharko da. 

Hona hemen Aralar. Mundua leku den lurra dokumentalaren aurrerapena:

Aralar, mundua leku den lurra-trailer from ON Produkzioak on Vimeo.