Joxe Mari Iriondo saritu dute Euskal Kazetaritza Sarietan

Uztarria.eus | Komunikabideak
2018ko urr. 19a, 12:09

Euskal Kazetarien Elkarteak eta Kazetarien Euskal Elkargoak eman diote saria, egindako ibilbideagatik. Izan ere, sarietako epaimahaiak azpeitiarraren "ibilbide profesional bikaina" nabarmendu du. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako elkarteek beste hainbat pertsona, proiektu eta talde ere saritu dute. Azaroaren 7an egingo dute sari banaketa.

Joxe Mari Iriondo kazetaria. (Argazkia: Onintza Lete Arrieta)  Ikusi haundiago | Argazki originala

Aurtengo Euskal Kazetaritza Sarietako irabazleen izenak jakinarazi dituzte Euskal Kazetarien Elkarteak eta Kazetarien Euskal Elkargoak, eta Joxe Mari Iriondo kazetariaren (Azpeitia, 1938) ibilbidea saritu dute. Sarietako epaimahaiak Iriondoren "ibilbide profesional bikaina" nabarmendu du. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako elkarteak dira biak. Joxe Mari Iriondoz gain, Cesar Coca, Euskaltzaindia, Eusko Ikaskuntza, Carmen Sarmiento eta Doce Miradas bloga saritu dituzte Euskal Kazetaritza Sarietan. Azaroaren 7an egingo dute sari banaketa ekitaldia.

Iriondo Loiolako Herri Irratian aritu zen 22 urtez, 1961etik 1983ra bitartean. "Herri Irratian asko sufritu genuen zentsurarekin, baina nik beti gozatu egin dut nire lanarekin", esan du saria baloratzean. Herri Irratian euskal kultura landu zuen uhinetatik, eta bertso, erromeria eta kantaldi saioen fitxategi oparo bat bildu zuen urte horietan. TVEn eta EITBn ere egin zuen lan. 1985. urtean ETBko zuzendari izendatu zuten, eta EITBko irratietako zuzendaria izan zen 1989. urtetik 1998ra. 2008an Rikardo Arregi Kazetaritza Sarietan ohorezko saria eman zioten. Ohorezko euskaltzain izendatu zuten 2010. urtean.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu