Joxe Mari Iriondo ohorezko euskaltzain izendatu du Euskaltzaindiak

Uztarria.eus 2010ko ots. 2a, 11:02

Komunikabideen arloan eta euskalgintzan lan handia egindakoa da kazetari azpeitiarra

Iriondorekin batera, guztira, hamaika ohorezko euskaltzain berri izendatu ditu Euskaltzaindiak

Joan den ostiralean Donostian egindako osoko batzarrean hamaika ohorezko euskaltzain berri izendatu zituen Euskaltzaindiak. Horien artean da Joxe Mari Iriondo kazetari azpeitiarra. Iriondok komunikabideen arloan lan egin du urte askoan, tokian tokian euskararen presentzia sustatuz.

1961ean hasi zen Loiolako Herri Irratian lanean eta berehala ekin zion euskarazko saioak ekoizteari. 1983az geroztik, ETBn aritu zen, erretiroa hartu zuen arte. Horrez gain, euskal kantagintzan eta bertsolaritza arloan ere lan handia egindakoa da Urrestillan jaiotako kazetaria. Ildo beretik, trikitiaren bultzatzaileetakoa izan da Iriondo.

Iriondorekin batera, hauek dira ohorezko euskaltzain izendatu berriak: Xabier Lete, Ana Etxaide, Joxe Azurmendi, Pakita Arregi, Gorka Aulestia, Luiz Baraiazarra, Erramun Baxok, Martzel Etchehandy, Joshua Fishman eta Jose Angel Irigarai.