'Mikrouhinak' saioa

'Umorea oso kontu serioa da' jardunaldien balorazio "positiboa" egin du Kultur Mahaiak

Uztarria.eus 2018ko urr. 2a, 17:00

Joan den astean Umorea oso kontu serioa da jardunaldiak egin zituzten Sanagustin kulturgunean, Kultur Mahaiak antolatuta, eta saio horien balorazio "positiboa" egin du Xabier Gantzarain Kultur Mahaiko teknikariak. "Guretzat polita izan da umoreari buruz gogoeta egitea".

Hiru saio egin zituzten jardunaldien barruan: batetik, Antton Olariaga eta Kike Amonarriz aritu ziren umoreari buruz hizketan; bigarren saioan, Asisko Urmenetak Eusklabo alaiak liburua aurkeztu zuen; eta azken saioa Idoia Torregarai Martijaren bakarrizketa izan zen. Gantzarainen arabera, "aukera ederra" izan da aditu horiek herrian bertan izatea umoreari buruz hitz egiteko. Haren esanetan, jendeak "interesa" azaldu du: "Ez da egon Sanagustinen jendea kabitu ezinda, baina etorri direnak gustura egon dira; polita izan da".

Zergatik umorea?

Umoreari buruz gogoeta egitea ez da kasualitatez hartutako erabakia izan. "Ikusten genuen umorea gauza neutro bat balitz bezala hartzen duela jendeak, berez etortzen den gauza bat bezala, batere konnotaziorik gabea, eta justu kontrakoa da. Umorearen bitartez, gure gizartean dauden pentsamendu hegemonikoak eta botere harremanak azaleratzen dira". Eta, ildo horretatik, askok aipatu zuten jardunaldietan euskaldunaren eta umorearen arteko harremana: "Nola ikusten gaituzte espainiarrek? Eta nola ikusten gaituzte frantsesek? Galdera horien erantzunak badakizkigu, baina nola ikusten dugu euskaldunok gure burua? Egiten al dugu ariketa hori? Edo ahaztu egiten zaigu?". Azpeitia herri oso euskalduna izanda, horretaz hausnartu nahi izan dute: "Nola egiten da euskaraz umorea? Nola tratatzen gaitu umoreak euskaldunak?". Jardunaldien bidez, galdera horien azpian dagoena azaleratu nahi izan dute.

Gantzarainen arabera, hausnarketa horietatik abiatuta, "oso gauza interesgarriak" aipatu dituzte jardunaldietan. "Nola funtzionatzen du umoreak hizkuntza bat ulertzen duen jendearen artean? Baina hizkuntza ez da nahikoa, kultur erreferentzia komun batzuk ditu umoreak, eta komunitate baten barruan funtzionatzen du. Eta euskaldunok zer komunitate eta zein erreferentzia kultural partekatzen ditugu?". Halako gaien inguruan gogoeta egin dute saioetan, eta jardunaldiek eman dutenarekin "gustura" gelditu dira Kultur Mahaiko kideak.

Uztarriak, Urola Kostako Hitzak eta Kulturazek jardunaldi horien harira Mikrouhinak saiorako egindako laburpen bideoa da honakoa.