Idoia Torregarai Martija: "Askoz ere umore gehiago erabili beharko genuke toki serioetan"

Urola Kostako Hitza 2018ko ira. 25a, 14:21
Idoia Torregarai.

Umorea oso kontu serioa da jardunaldien barruan, bakarrizketa saioa eskainiko du Torregaraik bihar, 19:00etan, Sanagustin kulturgunean. Jendeari umorearen garrantzia transmititzen saiatuko da bertan.

"Bihotzez umorezalea" da Idoia Torregarai Martija (Usurbil, Gipuzkoa, 1974). Aspaldidanik ari da umorea lantzen, eta, besteak beste, Barretartia Umore Zerbitzuak jarri du martxan. Duela gutxi, lotsak alde batera utzi, mandarina bat sudur gisa jarri, eta beste pauso bat ematera ere animatu da: umoregile hasi da.

Zer da umorea?

Dimentsio asko dauzka, eta ez da batere erraza definizio bat ematea. Aldarte bat izan daiteke, barre eginarazten digun zerbait ere bai, txiste bat ere bai… Baina niretzat, bizitza ikusteko aldartea da, eta estrategia bat ere bai.

Serioegiak al gara?

Beharbada kontua ez da serioak garela, baizik eta oso bereizita daukagula noiz erabili umorea eta noiz ez. Lagunartean gaudenean, erlaxatuta gaudenean, oporretan gaudenean… askoz ere umoretsuagoak gara. Baina  lanean ari garenean, adibidez, ez da gertatzen gauza bera. Egoera formaletan umorea apartatu egiten dugu, eta nik hori ezin dut ulertu. Umorea gizakiaren gaitasun bat da, berarekin daraman zerbait. Askoz ere umore gehiago erabili beharko genuke toki serio edo garrantzitsu horietan.

Zer onura ekarriko lituzke umore gehiago erabiltzeak?

Ikaragarri. Umoreak harremanak errazten ditu, eta hori lan eremuan oso baliagarria da, esaterako. Lanean beti izan ohi dugu presioa, baina lantaldea umorearekin olioztatuta baldin badago, ziur askoz ere giro hobea izango dela eta lasaiago eta gusturago joango garela lanera. Presioa egongo da, baina umoreak laguntzen du presio hori askatzen, eta harremanak gerturatzen eta goxatzen. Uste dut hori falta dela lan munduan, eta oro har, politikan, ekonomian eta berez garrantzitsutzat hartzen diren kontu horietan. Guztiz azpibaloratuta dago umorea.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.