Saninazioak 2018

Sagardo, gazta eta ganadu lehiaketak ardatz izango ditu zapatuko Baserritarren Egunak

Uztarria.eus 2018ko uzt. 26a, 14:49
Baserritarren Eguneko txapelketak atzo aurkeztu zituzten, AƱotan.

23 sagardogile, 27 gaztagile eta zazpi etxaldetako ehundik gora abelburu lehiatuko dira atzo aurkeztu zuten eguerdi parteko festan.

Ezohiko egunean baina ohiko osagarriekin ospatuko da aurten Baserritarren Eguna. Santio egunez ospatu ohi den festa egunez aldatu dute aurten, uztailaren 25a astegun izan delako. Horrela, etzira, zapatua, atzeratu dute sagardo, gazta eta ganadu lehiaketak ardatz izango dituen eguerdi parteko festa; eta atzo, Santio egunez, hain zuzen ere, aurkeztu zituzten aurtengo hiru lehiaketen xehetasunak Añota sagardotegian.

Jarraian egindako 46. edizioa beteko du zapatuan Azpeitiko Sagardo Txapelketak, eta aspaldiko urteetan bezala, 23 sagardogilek parte hartuko dute, plazaren bueltan dauden arkuen adina. Parte-hartzaileen artean aldaketa bakarra izango da aurreko urtearekiko: Astigarragako Astarbek ezingo du etorri, eta Usurbilgo Urdairak hartuko du haren lekua. Aburuza (Aduna), Alorrenea (Astigarraga), Altzueta (Hernani), Añota (Azpeitia), Astiazaran (Zubieta, Donostia), Aulia (Legorreta), Barkaztegi (Martutene, Donostia), Begiristain (Ikaztegieta), Igeldo (Igeldo, Donostia), Egi-Luze (Errenteria), Etxeberria (Astigarraga), Gaztañaga (Andoian), Herrerue (Astigarraga), Lizeaga (Astigarraga), Oiarbide (Astigarraga), Otsua-Enea (Hernani), Petritegi (Astigarraga), Ola (Irun), Rezola (Astigarraga), Sarasola (Asteasu), Izeta (Aia) eta Zabala (Aduna) dira zerrenda osatuko dutenak.

12:00etan hasiko da txapelketa. Iaz bezala, aurten ere sariketa bakarra izango da, epaimahaiaren iritziak erabakiko duena; eta sariak ere iaz estreinatu zituzten berdinak izango dira, Mikel Sanjuanek egindakoak. Plazaren bueltan jarriko diren lehiakideen postuetan sagardoa dastatu nahi duten herritarrek edalontzia erosi beharko dute, 3 eurotan; horren truke, nahi adina sagardo dastatzeko aukera izango dute. Ohi bezala, gauerdian hasita plazan bertan erreko duten Eusko Label txekorraren eta hegaluzearen pintxoak ere aukeran izango dira plazan txapelketaren garaian, pintxo bakoitza 2 eurotan; aurten ere, pintxoekin jasotako dirua garapen bidean diren herrialdeetan proiektuak garatzeko bideratuko da. Goikabi eta Landeta elkarteek antolatu dute aurten ere sagardo txapelketa, Udalaren eta Gipuzkoako Sagardozaleen Elkartearen babesarekin.

Sagardoarena da Azpeitiko Baserritarren Egunean sona handiena duen lehiaketa, baina gaztarena ere indartzen ari da urtetik urtera. Horrela, aurten 27 izango dira XX. edizioan parte hartuko duten Idiazabal jatorriko gaztagileak, Hego Euskal Herriko lurralde guztietatik etorritakoak. Eta bi urtez behin izaten den moduan, Euskal Herriko Blonda Txapelketa ere jokatuko da aurten Baserritarren Egunaren barruan. XXIII. edizioan, ehundik gora behi, idisko eta txekor izango dira ikusgai Zelai Luzen; aurten, lehen aldiz, karpa azpian jarriko dute ganadua. Zazpi etxaldetako abelburuak dira lehiatuko direnak, tartean Azpeitiko Agite eta Eizmendi baserrietakoak. 10:00etatik aurrera martxan izango da ganadu txapelketa.

Festaren egun aldaketak "ez duela eraginik izango" eta "herritarrek erantzungo dutela" uste du Eneko Etxeberria alkateak, eta iritzi berekoa da Xebastian Lizaso ere. Biek hartu zuten hitza atzoko aurkezpenean, Gorka Elortza Euskadiko Blonda Federazioaren koordinatzailearekin eta Mikel Ibarzabal Udaleko Festa batzordeburuarekin batera.

Zapatuko egitarau osoa

Baserritarren Egunaren osagai nagusiak ez dira izango zapatuko festa hitzordu bakarrak, ezta gutxiago ere. Goizean jokatuko dituzte Frontoi Txikian Cesar Valverderen omenezko pilota txapelketaren finalak; Nafarroako bandera omentzeko ekitaldia ere egingo du, besteak beste, Azpeitiko Napar Zuzterrak taldeak; eta Demode Quartet taldearen kontzertuarekin bukatuko da eguna, 23:00etan.

Hona hemen, etziko egitarau osoa:

10:30etik 13:30era eta 16:00etatik 18:00etara. XXXVI. Usakume tiraketa Odria auzoan.

10:00. Nafarroako banderari omenaldia egin aurretik, zapi eta bandera banaketa Soreasuko Dinamoan. Ondoren, Perez Arregi plazan kokatuko dira kalejira hasteko.

10:30. Goiz eresia, Udal Musika Bandarekin eta Izarraitz txistulari taldearekin.

10:30. XXXIV. Cesar Valverde Pilota Txapelketaren finala, Frontoi Txikian.

10:30. Nafarroako banderari omenaldia, Perez Arregi plazatik abiatuta.

11:00. Euskal Herriko Blonda Txapelketa.

11:00. XX. Gazta Txapelketa, plazan.

12:00. XLVI. Sagardo lehiaketa, plazan.

12:00. Txekor erre eta hegaluze dastaketa.

12:00. Unai Agirre, Iker Zubeldia eta Sebastian Lizaso bertsolarien emanaldia, Lutxurdio eta Berastegi trikitilariek lagunduta.

14:30. Bazkaria Sanagustinen, Napar Zuzterrak taldean antolatuta.

17:30. Kantuz alpargata dantza, plazan.

23:00. Demode Quartet taldearen emanaldia, plazan.