Saninazioak 2018

Nafarroako banderari omenaldia egingo diote zapatuan

Uztarria.eus 2018ko uzt. 25a, 14:43
Iazko ekitaldiko irudia.

Azken urteetako ohitutari jarraituz, nafarroako banderari omenaldia egingo diote Nabarralde Fundazioko Urolakoen Napar Zuzterrak taldekoek. Besteak beste, omenaldi ekitaldia, bazkaria eta Kantuz alpargata dantza egingo dituzte egun osoan zehar.

Azken urteetako legez, nafarroako banderari omenaldia egingo diote zapatuan, hilak 28, Nabarralde Fundazioko Urolakoen Napar Zuzterrak taldeak antolatuta. Santio Egunez egin izan dute omenaldia azken urteetan, 1512an egun uztailaren 25ean sartu baitzen Albako Dukea Sakanan, Nafarroa osoaren konkistarekin jarraitzeko. Gertakari hura oroitzeko eta konkistak segitzen duela salatzeko antolatzen duten ekitaldia egunez aldatu dute aurten; izan ere, aurten Santio Eguna ez da jaieguna Azpeitian.

Larunbatean, 10:00etan banatuko dituzte martxa hasi aurreko zapiak eta banderak Soreasuko Dinamoan. Ondoren, Perez Arregi plazatxoan elkartuko dira, martxari ekiteko. Handik plazara joango dira 10:30ean abiatuta, eta plazan Nafarroako ereserkiak lagunduta. Plazan, berriz, txalapartarekin, irrintziekin, bertsoekin, jotekin, kantekin eta dantzekin egingo dute gorazarrearen, aitortzaren eta askatasunaren aldeko aldarria.

Aurten bazkaria ere egingo dute; hain zuzen ere 14:30ean Sanagustin kulturgunean egingo dute otordua. Bazkarirako izena emateko azken eguna bihar, osteguna, izango da. Hogei euro ordaindu beharko da bazkaria, Rural Kutxaren 3008 0152 6322 9221 0529 zenbakian edo Sanagustin kulturgunean bertan. Bazkalostean, 17:30ean, berriz, Kantuz alpargata dantza egingo dute, plazan. Napar Zuzterrakeko kideek saiora gonbidatu dituzte herritar guztiak, eta horiei plaza girotzeko deia egin diete.

Hona hemen Nafar ereserkia: