Herritarren harrera beroa jaso dute Ilunpeko pilotariek eta Jagoba Labaka erremontistak

Uztarria.eus 2018ko eka. 30a, 23:41

Gaur izan da zer ospatu Azpeitian, eta emaitzen mailako erantzuna eman diote herritarrek Udalak arratsalderako jarri duen hitzorduari. 21:00etarako kalean jendetza zen gaur arratsaldean Gipuzkoako Herriarteko Eskuzko Txapelketa irabazi duten pilotarien eta Oriamendi Promozio Torneoan txapela jantzi duen Jagoba Labaka erremontistaren zain. Suziria bota ostean, Perez Arregi plazatik hasi dute kalejira pilotari guztiek eta udal ordezkariek, Udal Musika Bandak lagunduta. Ordurako jendetza zegoen plazan zain, eta udaletxera igo dira kirolari guztiak.

Josu Uzkudun Ilunpe pilota elkarteko kideak hartu du hitza, eta herritarrei eskerrak eman dizkie pilotariei adierazitako babesagatik. Gainera, gogorarazi du, gaurko lorpena tarteko, Euskal Herriko Herriarteko Txapelketan ariko dira Ilunpekoak, eta txapela herrira ekartzen ahaleginduko direla adierazi du. Jendearen txalo zaparrada artean hitz egin du Uzkudunek udaletxeko balkoian, Ilunpeko pilotariek, Udal ordezkariek eta Jagoba Labaka erremontistak lagunduta. Gainera, Uzkudunek gogoan izan ditu Herriarteko Pala Goma Txapelketan parte hartu duten pilotariak ere; izan ere, azpitxapeldun postua lortu dute horiek txapelketa horren lehen edizioan.